Dbusek hamabi metroko autobus erabat elektrikoa probatuko du datozen egunetan
Dbusek hamabi metroko autobus %100 elektrikoa eta zero emisiokoa probatuko du datozen egunetan. Autobusa Mercedes-Benz etxekoa da, eCitaro modeloa, hain zuzen ere. Aurreikusita dago ibilgailua irailaren 21era arte egongo dela Donostiako kaleetan zehar bidaiariei benetako zerbitzua ematen, Dbuseko 16-Igeldo, 25-Benta Berri-Añorga eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineen zerbitzuak eginez.
Dbusek jakinarazi duenez, ibilgailu isila da, eta gauean kargatzen da kotxetegietan. NMC3 belaunaldi berriko bateriek 316,8kWh edukiera erabilgarria dute, eta horri esker, autobusak 300 kilometroko autonomia lor dezake. Ibilgailuak, gainera, Preventive Brake Assist (PBA) sistema du, hiri autobusetarako munduko lehenengo balaztatze aktiboko laguntzailea. Laguntza sistema berri horrek ohartarazten du geldirik dauden edo mugitzen ari diren objektuekin talka egingo duela (oinezkoak ere detektatzeko gai da), eta automatikoki balaztatze partziala egiten hasten da, talka egiteko berehalako arriskua dagoenean.
Ibilgailu %100 elektrikoekin lehenago egindako probetan bezala, proba hau Dbusen flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean autobus elektrikoekin egiten ari diren probetako bat da. Izan ere, Next Generation funtsen bidez laguntzak eskatu zaizkio MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) hemeretzi autobus %100 elektriko erosteko (4.160.000 euroko diru laguntza jasoko da) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari ere beste autobus elektriko bat gehiago erosteko (550.000 euroko diru laguntza jasoko da).