Donostiak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du askotariko egitarauarekin
Bihar hasi eta hilaren 22ra bitarte, Donostiako Udalak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du. Konexio hobeak da aurtengo leloa, eta hainbat kolektiborekin lankidetzan, askotariko egitaraua prestatu dute. Egitasmoa 2000. urtean sortu zen, kontinentean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko helburuarekin.
Asteari solasaldi batekin emango diote hasiera. Bihar, hilak 16, Emakumeak eta bizikletak hirian: Zerk motibatzen gaitu eta zerk geldiarazten geure mugikortasuna aldatzeko orduan? izenburua daraman saio irekia egingo dute, 11:00etan, EHUko Karlos Santa Maria eraikinean. Honako hauek hartuko dute parte: Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak, Mugikortasun zuzendari Jone Argoitiak, EHUko Psikologiako irakasle Laura Vozmedianok eta Carlota Jauregi doktoregaiak.
Etzi, hilak 17, jolasak eta puzgarriak izango dira protagonista. Horrela, Sagueseko zabalgunean izango dira gozagarri, 10:00etatik 20:00etara. Astelehenean, hilak 19, 12:00etan eta EHUrekin lankidetzan, garraio moduen konparazio bat egingo dute EHUn. Erakustaldiak Morlansen izango du jarraipena eta Ijentean bukatuko da. Egun berean, 19:00etan eta Donostia Roller elkartearen eskutik, Gansa Ibilbidea hasiko da Karlos Santamaria plazan.
Hilaren 20an, 10:30ean, Easo Politeknikoak bide segurtasunari buruzko prestakuntza jarduera bat egingo du. Egun berean, baina 17:00etan eta Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuan, puntuak berreskuratzean fokuratutako bide segurtasuneko ikastaro bat egingo da. Asteazkenean, hilak 21, Donosti Roller martxa berri bati emango zaio hasiera, 19:30ean, Karlos Santa Maria plazan. Ekitaldiei bukaera Bizikletada ezagunak emango dio hilaren 22an Alderdi Ederren, 10:30etik 12:30era.