Loreto Mauleonek eta Paco Leonek aurkeztuko dute Zinemaldiaren inaugurazio gala
Loreto Mauleon eta Paco Leon aktoreek aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioaren inaugurazio gala. Ostiralean izango da, hilak 16, 20:30ean, eta zuzenean emango du TVEren La 2 kateak. Santiago Tabernero zinemagileak zuzenduko du neurri handi batean Zinemaldiaren 70. urteurrenaren inguruan egingo den zeremonia.
Inaugurazio galan, 1953ko Zinemaldiaren lehen edizioko zenbait parte hartzaile omenduko dira, eta gonbidatu ugari igaroko dira agertokitik, aurtengo edizioaren xehetasunen berri emateko. Izango da ezustekorik eta zuzeneko musika emanaldirik ere, eta, horretaz gain, FIPRESCI Sari Nagusia emango zaio Drive My Car filmari (Ryûsuke Hamaguchi, 2021).
Zinemaldiak, orobat, duela gutxi zendutako zenbait lagun gogoratuko ditu, antolakuntzan parte hartu izan zutenak, eta haiei eskainiko die aurtengo edizio hau: Afredo Knuchel, 1991tik 1992ra Hautaketa Batzordeko kidea eta Alemania, Austria, Suitza eta Holandako ordezkaria 1993tik 2010era; Mariano Larrandia, Zuzendaritza Batzordeko kidea 1978an eta Zuzendaritza Kontseiluko kidea 1985ean; Tony Partearroyo, Hautaketa Batzordeko kidea izana 1993an eta 1994an; eta Jose Angel Herrero-Velarde, 40 urte baino gehiagoz Zinemaldiari lotua, Zuzendaritza eta Hautaketa Batzordeko kide gisa, besteak beste.
Komedia ukitu batekin
Tabernerok dioenez, Zinemaldiaren 70. urteurrenari loturik dago gala osoa, eta, hain zuzen ere, efemeride horrek markatzen ditu ekitaldiaren izaera, tonua eta ideiak, zeinean publikoa ere omenduko baita. Izan ere, ikus-entzuleek eutsi diote Donostia Zinemaldiari, eta haiek eraman dute jaialdia iritsi den tokira. Alabaina, galako zuzendariaren ustean, Loreto Mauleon eta Paco Leon aurkezleak izango dira “funtsezko osagaia”, kontuan izanik biak ala biak “oso karismatikoak eta kutunak” direla. “Bikote alaia eta ederra da, eta orpoz orpo arituko dira gala ez dadin izan zurrunegia; hala, edukiak komunikatzeaz gainera, ikusleengana komedia ukitu arin batekin iristea lortuko dute. Ospakizun gala bat izango da, hamaikatxo arrazoi baitugu pozik egoteko”, gaineratu du.