Manchesterreko bidetik jarraitu nahi du Realak Anoetan
Taldeko aurkari indartsuenari, Manchester Unitedi, bere etxean irabazi ostean, Realak beste hiru puntu gehitu nahi ditu ostegunean Anoetan, Txipreko Omonia taldeari irabazita. Europa ligako multzokako faseko bigarren jardunaldiko partida da, eta 18:45ean jokatuko dute.
Baja garrantzitsuak izango ditu Realak, hainbat jokalari min hartuta baitaude: Sadiq, Le Normand, Carlos Fernandez, Oiartzabal eta Barrenetxea, hain zuzen ere. Aldiz, Diego Ricori alta eman diote, eta jokatu ahal izango du. Horrela, 23 jokalariko deialdia osatu du Imanol Alguacilek, jokatzeko moduan dauden lehenengo taldeko guztiekin eta Reala B-ko jokalari hauekin: Gonzalez, Zarate, Karrikaburu eta Marrero.
Omoniak, a priori, ez dirudi aurkari zaila, baina Alguacilek asteazkeneko prentsaurrekoan nabarmendu zuen Txipreko talde historiko bat dela, eta zaleen babesa beharko dutela hiru puntuak lortzeko; horregatik, realzaleak Anoetara joatera deitu zituen.