Zinemaldiari jarraipen berezia egingo zaio euskaraz sare sozialetan
Tabakalerako 2deo laborategiaren eta eta Gaztea/EITBren arteko lankidetzari esker, Zinemaldia euskaraz jarraitu ahal izango da sare sozialen bitartez. Gaztearen Twitch kanal berrian, adibidez, Zinemaldiaren irekiera, Euskal Zinemaren Gala eta itxiera ikusi ahalko dira. Twitchez gain, YouTube, Tik Tok, Instagram eta Twitterren bidez ere jarraipena emango zaio Zinemaldiaren asteari, irailaren 16tik 24ra, #2deotikZinemaldira traolarekin argitaratuko diren edukien bidez. Ekimen honekin, Tabakalerako 2deok euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa bultzatu nahi ditu, eta formatu berriak sustatu.
Sortzaile digitalak
Twitchen, Ibon Fernandez kazetariaren eta aurkezlearen eskutik, Zinemaldiko ekitaldi nagusienak jarraituko dira, eta horien guztien berri emateko, hainbat gonbidatu izango ditu, Tabakalerako 2deon lanean ari diren sortzaile batzuk, hain zuzen ere. Bestalde, Twitchen eta gainontzeko plataformetan ere, hainbat sortzaile digital ariko dira lanean: Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazusta Polaina Podcasta. Zinemaldia edition podkastarekin; Sutan Bang kolektiboa osatzen duten Amalia Ibargutxik, Garazi Rezabalek eta Julen Diazek, zuzendari naiz aktoreei elkarrizketak eta Zinemaldiari buruzko eztabaidak egingo dituzte; Nahiara Sillero aktoreak, Donostia Zinemaldiko Gazteriaren TCM sariko epaimahaikideak, irabazlea aukeratzeko prozesua erakutsiko du; Gaizka Izagirrek, Gaztezuloko zuzendariak eta film eta telesail kritikariak, Donostiako Zinemaldiko jarraipen arina eta informala egingo du eta plataforma bakoitzaren lengoaiaz baliatuko da edukiak sortzeko; ZINEAk, zinemari buruzko albistari digitalak, Sail Ofizialeko eta Zinemirako filmen kritikak argitaratuko dituzte Instagram eta Twiterren; eta azkenik, La Pirri eta La PantOi! influenzerrak famatuen outfiten inguruan ariko dira.