Egiatik abiatu zen 'Argia'
Atzekoz aurrera. Honela abiatu dute Argia-ko kideek Egia auzoan zehar tour historikoa. Nola ez, Pello Zubiria izan da arduraduna, bera egon baitzen 1980ko hamarkadan Zeruko Argia-tik Argia-ra izandako aldaketan. Eta Egia izan zuten epizentro.
1988tik 1990era erabili zuten lokala aurkeztu du Zubiriak. Harridura sortuko du askorentzat: egun Dabadaba zegoen lekuan baitzegoen Argiak sortutako Antza inprimategia. Tourreko taldea lokalera hurbiltzerakoan, jabeetako batek atea ireki du: “Argia-koak gara” esan du Pellok, “hemen izan genuen inprenta”. “Ah, bai, banekien zerbait, hemen ibili ohi den musikari bat langile izan zen eta, bertan”. Nor, eta Okene Abrego, Inoren ero ni eta -Gailu taldeetakoa.
Tamayo familiarena zen inprenta. 1980ko hamarkadan inprentak krisian sartu zirela gogoratu du Zubiriak, digitalizazioaren ondorioz. Enpresa krisian sartu zela eta, Tamayoko langileek erosi zuten, eta ondoren Argia-k langile horiei. Azkenean, bertara mugitu inprimategia eta erredakzioa. “Putetxe bat zen hau”, adierazi du Zubiriak, “inprimategia, lan komertziala, astekaria… dena egiten zen hemen. Eta, gutxi balitz, hemen abiatu zen Egunkaria-ren proiektua, eta aurrera eramateko erabakia: maketa, 0. zenbakia, eta estilo liburua, adibidez, hemen egin zuten Koldo Izagirrek, Koro Zumalabek, Malores Etxeberriak eta Luistxo Fernandezek”.
Ideia “aspalditik” zuten, baina, aurrera eramateko orduan, beste leku aproposago bat bilatu zuten, eta Lasarte-Oriara joan ziren, Zirkuito pasealekura. Hor jarraitzen du Argia-k eta hor bukatu zuen Egiarekin zuen harremana.
Hurrengo geltokira joan aurretik, taldeko batek pozik: “Gusturago etorriko naiz orain Dabadabara parrandan, hau jakinda!”.
1985-1988, Ametzagaiña erredakzioa
Tourrak aurrera egin du auzoan, baina atzera denboran. Dabadaban egon aurretik hiru urtez egon ziren erredakzioa erakutsi du Zubiriak; non, eta egun, IRUTXULOKO HITZA-ren erredakzioa dagoen lokal berean. “Askoz handiagoa oroitzen nuen”, esan du Zubiriak.
“Ondoko lokalean abokatuak zeuden, Egia kolektiboa eta Berdin kolektiboa, langileei babesa eskaintzen zietenak”. Harreman handia zuten haiekin, eta baita auzoko gainontzeko eragileekin eta pertsonekin ere: “Askotan hemen geratzen ginen lotan”.
Garai honetan hasi zen digitalizazioa Argia-n. “Lehenengo Macintosha erakutsi ziguten, eta, oraindik oroitzen dut nola saldu ziguten: ‘Traste hau la ostia da, baina oraindik ez du ezertarako balio”. Zubiriak kontatzen du aitzindariak izan zirela Argia-ko kazetariak ordenagailuen erabileran: “Prozesuaren parterik ahalik eta handiena kazetariek egitea bilatu genuen, hori zen gakoa”.
Anekdotak ere mordoak dira erredakzioan. “Bi pisuen artean badago solairuarte txiki bat, askotan egiten genuen lo bertan. Erredakzioan harrapatu gintuen, adibidez, Sarri eta Pitiren ihesaldiak”.
1980ko hamarkadan, ‘Zeruko’-tik ‘Argia’-ra
Kata tabernara joan da tourra jarraian. “1981ean kaputxinoek bota egin gintuzten, eta Kata taberna ondoko lokal txiki honetara etorri ginen”. Gaur itxita dago –Porrontxoak direla eta, noski–, eta ezin izan du azaldu non gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen zuten ia egunero. Bat-batean, ordea, tabernako jabea den Marian agertu da; eta, noski, oroitzen zela Zubiriaz.
Garai berezia izan zen hura Argia-rentzat. Kaputxinoen menpe zegoen astekaria –Zeruko Argia zen sasoian– , eta, garaian, Elixabete Garmendiaren sasoian egiten zuten kazetaritza “aurrerakoiegia” zenez haientzat, egoerarekin deseroso, irtenbideak proposatu zituzten. “EAJ-ri saldu nahi izan zioten, baina lankide batzuk konbentzitu zituzten hori ideia txarra zela, hobe zela guk jarraitzea”.
Hor galdu zuen ‘Zeruko’-a eta zuen lotura erlijioso oro. Eta ordutik aurrea, kazetaritza independentea eta euskaltzalea izan dira bere ikur nagusiak. Hamarkada sutsua bizi zuen Egiak, euskal kazetaritzarentzat mugarri izan diren bi proiektuen jaiotza ikusiz.