"Imajinazioa bizirik mantentzea da funtsezkoena"
'[Film Not Found_Try Again]' da Marina Palacios artista donostiarraren azken lana (Antigua, 1996). Zinemaldian lan egiten duten, baina ezagunak ez diren langileekin existituko ez diren filmetarako hamar afixek osatzen dute erakusketa. Tabakaleran egongo da erakusketa, Zinemaldiak iraun bitartean.

Zertan da erakusketa?
Erakusketa hamar kartelek osatutako serie bat da. Kartel faltsuak dira, existitzen ez diren eta inoiz existituko ez diren pelikulenak. Kartelen protagonistak Zinemaldiari lotutako pertsonak dira. Festibalaren aurpegi ikusezinak eraman nahi nituen karteldegira. Jolas bat izan da niretzat; proiektu dibertigarri bat, imajinazioa askatzeko.
Nola sortu zen ideia?
Duela bost urte inguru, Arte Ederretako gradua ikasten ari nintzenean, krisi existentzial horietako bat bizitzen ari nintzen, ez nekielako ongi nondik jo; diziplina artistiko guztiak maite nituen, baina egiten nuenak ez ninduen hunkitzen. Erabaki nuen nire lagun eta senideekin proiektu bat abiatzea, eta mota honetako hainbat kartel egin nituen, Pintura ikasgairako. Ez zuen zerikusirik oraingoarekin, baina bazen zerbait polita, pertsonalki ukitzen ninduena, eta jolas moduan ikusi nuena. Proiektu hori kariño handiarekin gorde nuen, egunen batean, testuinguru aproposa topatzen banion bide emateko.
Nola hautatu dituzu pertsona(ia)k?
Ezinezkoa zen Zinemaldiaren departamentu guztiak ordezkatzea, oso handia delako, eta 50 kartel egin beharko nituzkeelako, baina saiatu naiz ikusezin geratu diren hainbat lan erakusten. Adibidez, Alberto, Zinemaldiko gidaria, hogei urte daramana izarrak alde batetik bestera garraiatzen. Oso garrantzitsuak diren lanak dira, baina ez dute inongo arretarik jasotzen. Protagonistek beraiek idatzitako testuak daude, euren lanak azalduz.
Lan horien errekonozimendua da?
Bai, moduren batean bai. Egia da ez dela ikusgarritasun lan erraldoia, horretarako askoz modu egokiagoak bilatu beharko liratekeelako, baina, noski, jendeari protagonismoa ematen hasita, aukeratu nezakeen [Jose Luis] Rebordinos edo horrelakoren bat. Baina, hauek badute nahikoa ikusgarritasun, eta bidezkoa iruditzen zitzaidan protagonismo hori aldatzea.
Nolakoa izan da amateurrekin lan egitea?
Oso erraza izan da, egia esan. Mundu guztia, ni neu ere, lotsatzen da hasieran, baina gero oso naturala izan da. Oso gertukoa. Karteleko pertsona guztiekin elkarrizketa bat egin nuen, argazki saioaren aurretik, eurengana hurbildu eta beraiei hoberen zegokien iruditeria eraikitzeko. Kartel bakoitzak protagonisten zerbait du; batzuetan erabat beraiek dira.
Adibidez?
Paularen kartela eredu ona da. Bizkarrez ageri da, eskuarekin sorbalda gainean. Bera konpositorea da, soinu bandak egiten ditu, eta esku ederrak ditu, hatz luzeekin eta estilizatuekin, eta, noski, hori da berak musika egiteko erabiltzen duena. Erretratuan eskuari garrantzia ematea oso pertsonala izan da. Era berean, Paula naturari lotutako pertsona da eta argazkia bere herriko soro batean egin genuen, are gehiago pertsonalizatuz.
Zer nabarmenduko zenuke?
Kartelen proiektuaren barruan, badago bitxikeria bat. Yo duermo egin ostean, nire aitarekin, Jesus Palacios Kechus-ekin hasi nintzen elkarlan estuan. Aita ez dago zinemari lotuta, besterik gabe, zinema maite du, eta betidanik aritu gara elkarrekin pelikulak imajinatzen. Orain elkarrekin ari gara, nire pelikula berria elkarrekin idazten ari baikara.
Kartelen proiektu honetarako kontakizun laburrak idatzi ditu, kartelak iradokitzen dionarekin; Zinemaldiaren webgunean ikus daitezke. Asko gustatu zait, denborak aurrera egin ahala, aitarekin lotura estutzen baitut, bikote artistiko moduan. Familian gertatzen den moduan, gauzarik ederrenak eta okerrenak batera datoz, asko eztabaidatzen baitugu [barrez]. Babes handia da, eta inspirazioa, ikaskuntza eta gogo bizia ematen dit; proiektu bat abiatzean hori da behar dudana. Horrelako sormen ariketek imajinazioa bizirik mantentzen dute, eta hori funtsezkoa da.
Zein da Zinemaldiarekin duzun harremana?
Haurra nintzela hasi nintzen joaten, lagunekin, alfonbra gorrira. Elias Kerejeta Zine Eskolan hasi nintzen, lehenengo promozioan, eta hor egin nuen Yo no duermo nire lehenengo filma. Zabaltegi-Tabakaleran estreinatu zen, 2020an; zerotik ehunera pasatzea izan zen, inoiz ez bainuen nire lan bat partekatu, are gutxiago pantaila handian ikusi! Orain, Ikusmira Berriaken bekari esker, nire lehen film luzea egiten ari naiz. Zinemaldiarengandik oso-oso babestuta sentitzen naiz, egia esan.
Nola bizi duzu Zinemaldia?
Egun ederrak dira. Beti oroitzen ditut egun eguzkitsu eta alaien moduan [barrez]. Maite dudan jende askorekin egiten dut topo, EKZE-ko lagunak eta abar. Egia da ez naizela maratoiak egiten dituzten horietakoak, Hogei pelikula ikusiz, eta abar. Sarrerak atera zirenean, nire pelikula berriko errodajean nengoen, eta ezin izan nituen eskuratu; baina egongo da aukera zer edo zer ikustekoa, noski.