"Iratxek eta bere amak ez zuten inoiz hitz egin torturaren zauriaz"
Jon Mikel Fernandez (Gros, 1983) Zinemaldian izango da bere lehenengo lana den 'Bi Arnas' dokumentalaren zuzendari moduan. Iratxe Sorzabal euskal presoaren eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremanaz dihardu, 2001ean bortizki torturatu zutenetik, barnean daramaten zamaz eta zauriaz. Hilaren 22an eta 23an izango da Principe zineman.
(Argazkia: Xalba Ramirez Cruz) Zure lehen dokumentala eta Zinemaldian.
Imanol Arzuaga Kima-k, Iratxe Sorzabalen lagun minak bazekien ni presoen aldeko dinamiketan nenbilela, eta esan zidan Iratxe urtebete barru Espainiaratuko zutela, eta dokumental bat edo zerbait egin nahi zuela. Ni abentura horretara animatu nintzen, esperientziarik ez genuen arren, eta ez nuen inondik espero Zinemaldira iritsiko zenik.
Zinemiran parte hartuko du, baina lehiaketaz kanpo. Ander Iriartek zuzendutako Karpeta Urdina dokumentala, baita ere torturaren inguruan dena, hori bai, lehiatu egingo da. Oso adierazgarria da aurten Zinemiran tortura ardatz duten bi dokumental egotea. Horrek erakusten du torturaren zauriak irekita jarraitzen duela eta badagoela zer esan.
Nolakoa izan da prozesua?
Dokumental hau erlojuaren kontra egin dugu. Duela urte eta erdi hasi genuen eta aurtengo udaberrian prest eduki behar genuen. Maiatzaren 22an aurkeztu genuen Irunen eta oso arrakastatsua izan zen. Anekdota polita da Iratxek ere egun horretan ikusi zuela, bere ziegatik. DVD batean sartu genion, eta lehenago ikus zezakeen arren, itxaron egin zuen, Irunen geunden 400 lagunekin batera ikusi ahal izateko.
Zein da bere kasua?
2001ean atxilotu eta bortizki torturatu zuten Iratxe Sorzabal, eta sona handia izan zuen, torturen irudiak utzi zituelako. Espetxetik askatu zutenean, torturatua izateko beldur horrengatik, ihes egitea erabaki zuen. Geroztik, urte luzez klandestinitatean egon zen, Baigorrin atxilotu zuten arte, 2005ean. Aste honetan bertan Espainiaratu dute, torturapean lortutako deklarazio batzuk frogatzat erabiliz.
Iratxeren eta bere amaren arteko elkarrizketa bat da dokumentala.
Torturatu berritan elkarrizketa bat eskaini zion Iratxek Torturaren Aurkako Taldeari eta Euskaldunon Egunkaria-ri, baina ordutik ez du berriro ere gaiaz hitz egin nahi izan. Iratxek eta bere amak, Mari Nievesek, ez dute inoiz bien bizitza markatu duen zauri horretaz hitz egin, elkarrizketa hori ez da sekula izan. Ama-alaba harremanean torturak eragin duenaz hitz egitea zen dokumentalaren funtsa.
Nolakoa izan da gai delikatu horretara hurbiltzea?
Sekulako ardura eta bertigoa izan zen, ez nuelako esperientziarik. Eta, pertsonalki, zaila, gogorra, baina prozesuan zehar ederra, baita ere. Alde humano hori erakutsi nahi genuen, sentsibilitate eta samurtasun horrekin.
Morboan erortzeko arriskua, agian?
Bai, morboan edo alderik lakrimogenoenak erakusteko arriskua; negarra eragitea bilatzea, eta fribolitatez aritzea. Nola azaldu min hori sentsibilitatearekin, baina, aldi berean, zauriaren gordintasuna estali gabe? Eta, gainera, errespetatuz esaten dutena, esan nahi dutena eta esan nahi ez dutena.
Zein da emaitza?
Guk egin dugun gauza bakarra min hori adierazteko kanal bat irekitzea izan da, eta ate hori irekitzean, modu naturalean sortu da dokumentala. Bazen hasieran gidoi bat, baina gero erabat aldatu da. Adibidez, Iratxek, bat-batean eskutitz bat idatzi zuen, modu metaforikoan adierazten torturak berarengan eragin duena; Mari Nievesek, hori egin zuela jakitean, erabaki zuen eskutitz bat idaztea. Hori ez zegoen aurreikusita. Zuzendari eta gidoilari rolari garrantzia kendu nahiko nioke nik. Ate bat ireki dugu, eta kasik beraiek sortu dute dokumentala.
Hitz egiteko beharra zuten?
Hor dago dokumentalaren funtsa, horretan asmatzen duela uste dut: alde humano hori erakusten du, eta isiltasuna. Min hori zure amari edo zure alabari ezin kontatzea. Gaur eta hemen hitz egin dugu, Iratxeren kasua ez delako iragana, oraina da; bera espetxean dago torturaren ondorioz.
Prozesuko zein momentu nabarmenduko zenuke?
Bai Iratxek eta bai Mari Nievesek gugan jarri duten konfiantza itsua. Iratxek espetxetik gaia nola eraman duen; berak animatzen ninduen telefonoz aritzen ginenean.
Eta nola hartu du berak parte?
Frantziako espetxean egiten duten antzerki konpainia batean parte hartzen zuen Iratxek. Obra horretarako testu bat egin zuen, eta kazetari frantses batek grabatu zuen. Audio hori erabili dugu.
Bestetik, dokumentala egiten ari ginenean, donostiar bat jarri zen gurekin harremanetan. 2001ean Euskaldunon Egunkaria-k egin zion elkarrizketa hartarako bideoa grabatu zuena. Berez, EITB-ri pasatu behar zioten, baina EITB-k ez zuten nahi izan, eta gizon honen artxibo pertsonalean geratu da urte hauetan guztietan. Hogei urtez galduta egon da elkarrizketa hura —erdi ezkutatua zuen, poliziak atzeman zezakeen beldurrez-edo—, eta guk digitalizatu genuen. Testigantza oso gogorra da, oraindik begiradan ikusten zaio izua.
Zer behar du torturatu batek orain?
Nik uste dut entzuna izatea behar duela; esaten duena sinistea. Azken batean, tortura deliturik perfektuena da: estatuaren ziegarik sakon eta ilunenean gertatzen da, legearen babesle omen diren horien eskuetan. Ez dago lekukorik, ez dago ezer. Nekane Txapartegik parte hartu du dokumentalean, eta hala dio: «Ez dut errukirik behar, ni entzutea eta sinistea behar dut». Gizarteak aitortu behar du gertatutakoa.
Feminismoak “nik sinisten dizut” kontzeptuaren garrantzia landu du.
Iratxeren kasuan, apur bat ezberdina izan zen, aztarna handiak izan zirelako [elektrodoak jarri zizkioten, besteak beste]. Emakume izateak erabat zeharkatzen du beraien kasua.
Lan honek aitortza egiteko balioko du?
Hondar aletxo bat jarriko dugu, gainontzeko dokumentalek egiten duten moduan. Prentsaurreko edo manifestazio baten bidez lortzen den oihartzuna tipularen geruza bateraino iristen da. Zinemak badu komunikatzeko beste bide bat, eta beste jende batengana iristeko aukera. Zinemaldian egotea ere garrantzitsua da. Iratxerentzat akreditazioa eskatu dugu, film baten protagonista da eta. Ederra izango zen bertan egotea.
