Kirol emaitzak

Ligako hirugarren postuan da Bera Bera

Bera Bera Bera Bera-Elx. (Argazkia: Bera Bera)

Bera Berak joan den jardunaldian berreskuratu zituen sentsazio onekin jarraitzen du, eta asteburu honetan ere, garaipena lortu du Elxen aurka Gascan (32-17). Imanol Alvarezen agindupean dauden neskek ligako hirugarren postuan amaitu dute jardunaldia garaipen honekin, eta bi puntutara dute lehenengo postua, momentu honetan Kanaria Handiak duena. Bera Berak, gainera, bere historiako 27.000. gola sartu zuen June Loidiren bitartez.

Futbolean, Realeko neskek garaipenarekin egin zuten debuta Vila-realen aurka (2-0). Natalia Arroyoren neskek denboraldia ondo hasi dute eta bosgarrenak daude ligako sailkapenean. Seigarren minutuan Jensenek sartu zuen Realaren lehenengo gola, Nerea Eizagirreren erdiraketa bat errematatu ondoren. Bigarren zatiaren hasieran bigarren gola sartu zuten Arroyoren neskek, Vila-realeko Lara defentsak sartu zuen bere atean, Nerea Eizagirreren erdiraketa batean ere. Asteartean Bayern Munichen aurkako Txapeldunen Ligako neurketa izango dute.

Gizonezkoek ere Bartzelonako Espanyol garaitu zuten Anoetan (2-1). Txuri-urdinek neurketa ona jokatu zuten Espanyolen aurka eta Europako postuak berriz ere gertu ditu. Realaren lehenengo gola Sorlothek sartu zuen, Kubok Alvaro Fernandez atezainari baloia lapurtu ostean. Minutu bat beranduago, Espanyolek berdinketaren gola egin zuen Edu Expositoren bitartez. Baina Realak ez zuen etsi, eta Brais Mendezek garaipenaren gola sartu zuen, Mikel Merinoren jokaldi on baten ondoren. Asteburu honetan Realak ez du partidarik izango, atsedenaldia egongo baita, selekzioek partidengatik.

Belar hockeyan, denboraldiari hasiera ezin hobea eman dio Realak. Etxeko lehen jardunaldian Terrassa mendean hartu zuten (1-0). Konfiantza handiko garaipen honi esker, liga on bat egiteko asmoarekin daude.

EMAITZAK

Eskubaloia

Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia

  • Bera Bera 32 – Elx 17

Futbola

Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia

  • Reala 2 – Vila-real 0

Gizonezkoen lehen maila, 6. jardunaldia

  • Reala 2 – Espanyol 1

Belar hockeya

Emakumezkoen ohorezko maila, 1. jardunaldia

  • Reala 1 – Atletic Terrassa 0
HITZAkide HITZAkide