Hiru bandera eta ohorezko hirugarren postua
Donostiarrak bere historiako arraun denboraldi onena egin du. Ligan eta Kontxan maila oso onean aritu dira.
Bukatu da arraun denboraldia, Eusko Label ligarekin batera. Donostiarrako mutilek ez dute berehalakoan ahaztuko. Ez da gutxi lorturikoa. Hirugarren bukatu dute liga, eta hiru bandera astindu dituzte; Donostiakoa (uztailaren 3an), Zierbenakoa (uztailaren 17an) eta Getxokoa (uztailaren 30an). Gainera, hainbat jardunalditan lidergoan izan ziren.
Asteburuan jokatu dira ligako azken bi jardunaldiak, eta ohiko erregulartasunari eutsi diote. Larunbatean, Bermeon, hirugarren sailkatu ziren. Atzo, berriz, bosgarren denborarik onena lortu zuten Portugaleten. Urdaibaik irabazi du liga, Hondarribia izan da bigarren, eta bi indartsu horien atzetik geratu da Donostiarra. Meritu handikoa da lorturikoa. Horrez gain, Kontxako Banderan eskuratu zuten bigarren postua ere nabarmentzekoa da.
Entrenatzailea berritu dute
Azken bi estropadak jokatu aurretik, Donostiarrak Igor Makazaga entrenatzailea berritu zuela jakinarazi zuen. “Azken urtetako gorakada eta gure taldearentzat historikoa izan den denboraldi bat eta gero, ez dago inor mutilen taldearen kirol arloa zuzentzeko hoberik”, adierazi du Kaiarriba klubak. “Langilea, metodikoa, profesionala, taldeburua… Igor da, zalantzarik gabe, Donostiarraren kirol proiektua aurrera eramaten jarraitzeko pertsona egokiena”.