Irailaren 27an Euskal Gastronomiaren Topaketa izango da Donostian
Mantalak, euskal gastronomia sustatzeko ekimenak, Euskal Gastronomiaren Topaketa antolatu du, irailaren 27an, Basque Culinary Centerren, eta euskal sektore gastronomikoa elkartuko du, ikuspegiak trukatzeko eta etorkizunari buruz hausnartzeko. Bertan, sukaldariak, ekoizleak, ekintzaileak, industria gastronomikoa eta erakundeak elkartuko dira, eta komunitate gastronomikoak ezagutzak eta ikuspegiak partekatuko ditu. Ekitaldian gastronomiaren sektoreko 300 profesional inguru biltzea espero dute.
Jardunaldiak hiru zati izango ditu. Lehen zatia 09:30ean hasiko da, Basque Culinary Centerreko auditoriumean, eta bertan hainbat hitzaldi izango dira. Hitzaldia emango dutenen artean, Pedro Subijana, Elena Arzak, Aitor Arregi, Telmo Rodriguez, Lorena Gomez, Xabier Zabaleta, Juanma Oribe, Julen Baz, Nagore Irazuegi eta Itziar Insausti izango dira. Alaia Martin eta Jon Maia bertsolariek ere parte hartuko dute zati honetan. Topaketaren bigarren zatian, Juan Mari Arzak, sukaldaria eta Basque Culinary Centerreko Patronatuko kidea, erakundearen ohorezko patrono izendatuko dute.
Jardunaldiaren amaieran, bertaratuek bazkari batetaz gozatzeko aukera izango dute, Mahaia Kolektiboko sukaldari eta ekoizleen eskutik: Roberto Ruiz (Hika), Jon Ayala (Laia), Gorka Txapartegi (Alameda), Pili Manterola (Iribar), Xabier Gorrotxategi (Casa Julían), Dani López (Kokotxa), Aitor Arregi (Elkano), Aizpea Oihaneder (Xarma), Enrique Fleischmann (Bailara), Igor Arregi (Kaia), Ruben Trincado (Mirador de Ulia), Ismael Iglesias (Rita) Pablo Loureiro (Casa Urola), Paul Arrillaga (Zazpi), Basque Wine, Segurako Talogileak, Euskal Gaztak (Abatza), Euskal Ogia, Maisor Getaria eta Euskal Gozoak.
Mantala ekimena
Mantala Basque Gastronomy, jakintza-trukea eta elkarrekin sortzea bultzatuz, euskal gastronomia sustatu eta garatzea xede duen ekimena da. Basque Culinary Centerrek eta Hazik sustatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak bultzatzen duen Euskadiko Gastronomia eta Elikadura Plan Estrategikoaren esparruan. Mantala ekimenean, gainera, eragile-sare batek parte hartzen du; besteak beste, Mahaia Kolektiboa, Gozoa, Jakitea, Gastronomiaren Euskal Akademia eta Fecoga daude sare horretan.