Juliette Binochek jaso du bere Donostia Saria
Kursaalean izan da ekitaldia eta 'Avec amour et acharnement' filma proiektatu dute.
Juliette Binochek 70. Zinemaldiko lehen Donostia Saria jaso du bart Kursaalean. Aktore frantziarrak Isabel Coixeten eskutik jaso zuen Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia, eta, ekitaldiaren ostean, Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement / Both Sides of The Blade filma proiektatu dute.
Eskerrak emateko hitzaldian Binochek senideak, lagunak, gertukoak, kolaboratzaileak eta lankideak gogoratu ditu. Donostiako Zinemaldiari ere eskerrak eman dizkio maite dituen zinemagileen filmak erakusteagatik.
“Bidelagun leial bati ere eskerrak eman nahi nizkioke: isiltasunari. Isiltasuna presentzia bat da. Sekuentzia bati heldu aurretik, interpretatu aurretik, isiltasuna indarra da niretzat; isiltasunetik ateratzen ditut nik emozioak eta sentsazioak, eta inolako borondaterik gabe agertzen da. Baina isiltasunik gabe, ez dago hitzik. Isiltasunik gabe ez dago espiriturik, eta isiltasun hori zinemagile batekin, aktore batekin, film bateko lantaldearekin partekatzen denean, orduan urrezko hari bat ehuntzen da eta hori pelikula bihurtzen da. Eta orduan, aktore izateko nire ametsen zentzu guztia obra bizi batean gorpuzten da”, baieztatu du.
Eneko Sagardoy aktoreak aurkezle lanak egin ditu galan. Bertan, omenduaren filmografia honela definitu du: “Bere ibilbidearen baitan talentu ikaragarria, pantaila gainditzen duen karisma eta ausardia erakusten duten hautuak biltzen dira”.
Bestalde, Nadie quiere la noche (2015) filmean Binoche zuzendu zuen Isabel Coixet zuzendariak aktorearen lana goraipatu zuen Donostia Saria eman aurretik.