Gasaren instalazioa egitea falta da Astiñeneko zubian
Udalaren azken aurreikuspenen arabera, pasa den ostiralean, hilaren 16an, ireki behar zuten Egia eta Loiola lotzen dituen Astiñeneko zubi berria, baina berriz ere atzerapenak izan dira lanetan, eta oraindik ez dituzte amaitu. Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuetako zinegotziak azaldu duenez, “lanak azken fasean daude”, eta azken atzerapena zubiko bi espaloietako lauzek eragin dute, “hilabete pasatxo beranduago” iritsi baitira.
Orain, lauzak jarrita daude dagoeneko, eta Egia eta Gros hornituko dituen gasaren instalazioa egitea falta da (gaur egun, zubi zaharra zeharkatzen du instalazioak); Nortegas enpresa ari da instalazioa egiten. Arrizabalagaren arabera, aurreikusten dute gasaren hodi berria hilaren amaierarako jarrita egotea, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Industria sailak bere oniritzia eman beharko dio instalazioari.
Oniritzia jasota, zubia irekiko dute, eta orduan hasiko dira zubi zaharra botatzeko lanekin; hilabeteko iraupena izango dute lan horiek, udalaren aurreikuspenen arabera. Ordea, udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, ez dute zubia irekitzeko data berririk eman nahi, ez dakitelako Eusko Jaurlaritzaren ikuskapena noiz iritsiko den: “Bi aste izan daitezke, hiru aste edo hilabete”.
Gogoratu behar da Astieñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan. Atzerapen ugari izan dituzte lanek, pandemia tarteko.