14 urteko neska bat bortxatu dute Loiolako Erriberan
Salatu dutenez, larunbat goizaldean, hamalau urteko neska adingabe bat bortxatu dute Loiolako Erriberan, ustez, beste adingabe batek.
El Diario Vasco-k jakinarazi du albistea, eta euren iturrien arabera, Ertzaintza erasoa ikertzen ari da. Ostiraletik larunbaterako goizaldean izan zen erasoa, eta, salatu dutenez, Urumearen ibaiertzean izan zen, Kristinaenearako sarbidetik gertu.
Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak “zuhurtziaz” jokatzera deitu du, “kasu honetan bereziki, adin txikikoak direlako”. Horrela ere, nabarmendu du udalbatza osoak “erabat gaitzesten” duela erasoa, eta jakinarazi du bozeramaileen batzordeak “aho batez” onartu duela gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egitea, gaur, hilaren 20an, Alderdi Ederren, 12:00etan. Era berean, Loiolako Erriberako Erribertxo Kultur Elkarteak ere “erabat gaitzetsi” du erasoa, eta “babesa eta elkartasuna” adierazi diete biktimari eta haren familiari eta ingurukoei.