Realak izarren artean egon nahi du
Realak neurketa historikoa du gaur Anoetan, Bayern Munichen aurka, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partidan (19:00). Natalia Arroyok jokalari guztiak izango ditu eskuragai, eta Anoetan festa giroa espero da gaur arratsaldean. Bayern Munich talde zaila izango da txuri-urdinentzat, eta Realak, itzulerako neurketara bizirik iristea izango du helburu, Txapeldunen Ligako multzo fasean sartzeko aukerak izateko. Bayern Munich bigarren gelditu zen joan den urteko Alemaniako ligan, Wolfsburgoren atzetik, eta ohituta dago Txapeldunen Ligan jokatzen. Joan den urtean final-laurdenetara iritsi zen, baina PSGren aurka galdu zuen.
Realak arerio gogorra duela daki, baina bere aukerak izango dituztela pentsatzen dute: “Guk gure aukeretan sinesten dugu eta espero dut Anoetara hurbilduko direnek ere gugan sinetsiko dutela”, adierazi zuen Arroyok prentsaurrekoan. Entrenatzaile katalanak uste du taldeak “joan den urtean bigarren gelditu zenaren antza baldin badu”, alemaniarren aurka “aukera asko” izango dituztela. Nerea Eizagirrek adierazi du, taldeari “erronka hauek gustatzen” zaizkiola eta “zerbait handia” egingo dutela.
Natalia Arroyok, jokalari guztiak eskuragai izanda, hamaikako indartsuena aterako duela espero da, eta honako hau aurreikusi daiteke: Lete; Le Guilly, Specht, Vanegas, Bernabe; Arnaiz, Gaby, Genma, Nerea Eizagirre; Franssi eta Amaiur. Bayern Munichek ere haimaikako sendoa aterako duela espero da, eta honako hau izan daiteke: Grohs; De Souza, Viggosdottir, Kumagai; Gwinn, Zadrazil, Stanway, Simon, Magull; Schüller eta Bühl.