Udal kirol instalazioek 500.000 erabilera baino gehiago izan dituzte
Etxadi udal kiroldegi kanpoko igerilekuak. (Argazkia: Donostia Kirola) Hilaren 18an bukatu zen udako denboraldia hiriko udal kirol instalazioetan. Era berean, Etxadi, Intxaurrondo eta Altzako kanpoko igerilekuak itxi zituzten. Altzako kiroldegia da erabilera gehien izan dituena, batez ere, kanpoko igerileku berrien irekierarengatik. Donostia Kirolak nabarmendu duenez, udako denboraldia “historikoa” izan da: “Ekainaren 6tik hilaren 18ra bitarte, milioi erdi erabilera baino gehiago erregistratu dira udal kiroldegietan”.
Jende kopuru hori 2021ekoa baino %42 gehiago da –150.000 sarrera gehiago–, eta udako denboraldi batean kirol instalazioek izan duten erabilera daturik handiena da; izan ere, 2019ko udan izan ziren erabilerak baino 100.000 gehiago dira –orain arte kopururik handiena zen–.
Altzako udal kiroldegi berria izan da, zalantzarik gabe, igoera horren arrazoi nagusietako bat, 82.994 sarrera erregistratu baititu aldi horretan, kanpoko igerilekuak dituzten beste kiroldegien gainetik –Etxadi 68.789 sarrera eta Intxaurrondo 66.212 sarrera–. Yoldi kiroldegiak bakarrik gainditu du Altza, 99.952 sarrerarekin, baina abuztuan gehien erabili zen instalazioa Altzakoa izan zen.
Sarrera gehienak Kirol Txartelarekin egin ziren –450.000 sarrera–, eta gainerakoak eguneko sarrerekin –9.670 sarrera salduta– eta hamar erabilerako bonuekin –1.033 bonu salduta–. Uztailaren 18an izan zen jende gehien, 8.000 pertsona baino gehiago hurbildu baitziren udal kiroldegietara. Erabilera datu historiko hori Kirol Txarteleko abonatu berrien kopuruan ere islatzen da. Horrela, epealdi horretan 4.300 alta berri erregistratu dira Kirol Txartelean, egindako edo berritutako hileko 5.400 abonuez gain.
Udako kanpaina
Kirol jardueren udako kanpainak 11.000 parte hartzaile baino gehiago izan ditu, eta, urtero bezala, askotariko kirolean (2.850), surfean (1.401), igeriketan (803), tenisean (790) eta piraguismoan (613) izan dira nabarmenenak. Bera Bera (2.300) eta CD Fortuna (2.200) izan dira parte hartzaile gehien bildu dituzten kirol taldeak.

