Donostiako zortzi kirol elkartek eman dute izena Euskaraldian, oraingoz
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo den Euskaraldiak euskara erabiltzeko ohituretan eragin nahi du berriro. Hiriko entitateek (enpresa, erakunde, elkarte eta abarrek) paper garrantzitsua jokatuko dute ariguneak sortuz, hau da, euskararen erabilera bermatzeko gune babestuak eratuz. Urriaren erdialdera arte entitatek Euskaraldian izena emateko aukera izango dute wwww.euskaraldia.eus-en.
Jakinarazi dutenez, aurten, Donostiako antolatzaileak “ahalegin berezia” egiten ari dira hiriko Kirol elkarteek Euskaraldian parte har dezaten. “Kirola euskararen erabileran eragiteko tresna aproposa da, euskara gehiago eta gehiagorekin erabiltzeko eremu asko eskaintzen baitu”, azaldu dute.
Zortzi kirol elkarte ezagunek ariketan parte hartzeko izena eman dute dagoeneko, baina kirol elkarte gehiagok urratsa ematea da asmoa. Reala, Bera Bera, Donostiako Atletiko, Fortuna, GBC, IDK Euskotren, Kaiarriba eta Donostia Arraun Lagunak elkarteak batu dira oraingoz ekimenera, eta horien egoitzetan ariguneak osatu dituzte euskara gehiago erabiltzeko.