Geroak Kaltetutakoen Plataformak manifestazioa antolatu du larunbatean
Larunbat honetan, irailak 24, 11:30etan, Geroak Kaltetutakoen Plataformak manifestazio bat antolatu du Bulebarrean, kioskoaren alboan. Plataforma honek, Geroa Pentsioak erakundearen gobernu-organoei estatutuak aldatzea eskatzen diete, bazkide langile bakoitzak bere ekarpenak errenta edo kapital gisa berreskuratzeko aukera izan dezan, interesatzen zaionaren arabera, 45.120 eurotik beherako ekarpenak dituzten langileek egiten duten bezala. Zenbateko hori baino gehiago duten langileek 190 euro inguruko errenta kobratzea behartuta daude hogei bat urtez, eta baldintza berdina aldarrikatzen dute.
Geroak Kaltetutakoen Plataformak salatu du Geroa izan zela “motu propioan, izaera ekonomikoko arrazoi soilengatik, hala nola, errenta baxuen kudeaketaren kostua ezabatzea erabaki zuena, eta hain funtsezkoa den manua alde batera utzi eta kapitalaren aukera muga batekin ezarri zuena, horrela bazkideen zati batek pairatzen duen diskriminazio nabarmena babestuz”. Plataformak, gainera, adierazi du, “Geroaren Gobernu Batzordeko kideek estatutuaren aldaketa ukatu dutela”, eta aldaketa ukatzeko batzorde horrek erabili dituen argudioak “kontraesankorrak eta inkongruenteak” direla. Plataformako kideek hainbat galdera egiten dizkiete euren buruei: “Ez al da likidetza falta izango, ezezko hori eragiten duen benetako arrazoia? Bestela, zer ezkutatzen du Geroa BGAE erakundeak eta haren Gobernu Batzordeak?”.