Hitzez ekiteko garaia
Badator hirugarren Euskaraldia eta dena prestu dute antolatzaileek. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da ariketa sozial erraldoia, eta izen ematea irailaren 28an irekiko da norbanakoentzat; eragile eta entitateak maiatzaren 16tik aurrera ari dira izena ematen.
Hain zuzen, datorren astean, hilak 28 egingo da irekiera ekitaldia. Egun horretatik aurrera, herriz herri egingo dituzte #HitzezEkiteko ekimenak. Bertan, herritarrek euren lorpenak eta erronkak bistaratzea bilatuko da, paneletan euren erronkak idatzita. Hain zuzen, hau da aurtengo Euskaraldiaren helburuetako bat, euskararen alde hartutako konpromisoak ikustaraztea.
Aurtengo Euskaraldiak gune ibiltari bat izango du ere, herriz herri ibiliko den furgoneta eta postua. Orion abiatu da hilaren 17an eta Donostiara urriaren 29an iritsiko da. Aurten proiektu pilotu bat abiatuko dute ere: Euskaldunon ahalduntze eskolak. Donostian, Tolosaldean, Errenterian eta Getxon egingo da, sei astez eta izen emateak zabalik daude jada.
Txapa ikusgarri
Euskaraldiko arduradunek azaldutakoaren arabera, txapa soinean eramatearen nabarmenduko dute aurten: “Izugarrizko garrantzia eman nahi diogu aurten. Ez da guri gustatzen zaigulako, ikerketek hala diotelako baizik” azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagosek: “Aurrean ahobizi edo belarriprest txapa duenean norbaitek, espazio seguru bat eskaintzen digu gure hautu linguistikoa egiteko”.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako arduradun Miren Dobaranek txaparen garrantzia azpimarratu du baita ere, eta, uste du, aurten urte “aproposa” dela Euskaraldirako. Izan ere, aurreko edizioa pandemia betean izan zenez, ezin izan zen bete-betean garatu: “Aurten, jendeak gogoa dauka harreman sozialak indartzeko”, eta euskara une horitera heltzearen garrantzia nabarmendu du. Gaineratu duenez, aurtengo Korrikaren arrakastak “lurzoru” ona uzten du, aurtengo erronkarako.
Dobaranek nabarmendu duenez “Euskaraldia ez da kanpaina bat”: “Kanpainek ez dute eraginik hizkuntza ohituren aldaketarako”. Horregatik, Euskaraldia ariketa sozial erraldoi gisa irudikatzen dute; hizkuntza ohiturak aldatzeko “gimnasia egin behar da”. Euskaraldia, ariketa moduan, “oso-oso ezaguna da, eta oso-oso ondo baloratuta dago, bai euskaldunen, eta baita erdaldunen artean. Ikerketek diotenez, gainera, hizkuntza ohituretan eragina izan du: benetan balio du”, adierazi du Dobaranek.
Herri eta auzoetako dinamikak
Bestalde, herri eta auzoetako batzordeetan egiten den lana goraipatu du Dobaranek. Bere ustez, bertan dago Euskaraldiaren funtsa, eta hori da hizkuntza errealitatea aldatzeko garrantzitsuena.
Martinez de Lagosek azaldutakoaren arabera, ikusgarritasuna handitzeaz gain, parte hartzea hedatzea da helburua: “Azken finean, portaeran jarriko da zentroan, ez aldekotasunean. Praktika linguistikoetan dago gakoa”.