Kanporaketa iraultzeko konfiantza dute
Txapeldunen Ligako lehen partida galdu arren, Realak maila ona eman zuen Bayern Munichen kontra Anoetan.
Txuri-urdinek ezin izan zioten alemaniarrei irabazi, baina gustura geratu ziren egindako partidarekin. Baita Anoeta futbol zelaira joan ziren zaleak ere. Realak 0-1 galdu zuen Bayern Munichen aurka, Txapeldunen Ligako atariko joaneko neurketan. Horrela ere, Alemanian jokatuko den itzulerakoan kanporaketa gainditzeko konfiantza dute txuri-urdinek.
Lehen zatiaren bukaeran, atsedenaldiaren atarian, egin zuen gola Bayern Munichek. Buruz buruko jokaldi batean, Schüllerrek Lete gainditu zuen jaurtiketa gurutzatu baten bidez. Bigarren zatian, hobeto aritu zen Reala, baina ez zuen berdinketaren gola lortu. Saiatu ziren alemaniarren ate aurrean, baina ez zuten lortu. Nerea Eizagirre kapitainak izan zuen aukerarik garbiena. Urrunetik egindako bere jaurtiketak langan jo zuen. Sarriegik eta Jensenek ere aukera on bana izan zuten. Aldiz, Lete atezainak Schüllerren beste jaurtiketa bat atepetik atera zuen. Horiek horrela, galdu arren, gustura geratu ziren txuri-urdinak emaitzarekin.
Kanporaketa gainditzeko asmoarekin joango dira Alemaniara, eta jakin badakite, atzokoa bezain partida sendoa eginez gero lor dezaketela.