Kepa Junkerak 2020ko Adarra Saria jasoko du Zinemaldian
Musikariari buruzko 'Berpiztu' dokumentalaren proiekzioaren aurretik, 70. Zinemaldiaren EITB Galan izango da sari banaketa

Kepa Junkera (Bilbo, 1965) musikariak 2020ko Adarra Saria jasoko dun gaur, irailaren 21ean, Viktoria Eugenia Antzokian, 19:30ean, Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik. 70. Donostia Zinemaldiaren EITB Galaren baitan, musikari bilbotarrari buruz Fermin Aiok zuzendu duen Berpiztu dokumentalaren proiekzioaren aurretik izango da sari banaketa; artistaren osasun arrazoiak zirela medio, Donostia Kulturak ezin izan baitzion Junkerari 2020an eman urtero musikaren alorrean ematen duen Adarra Saria.
Izan ere, Junkerak ictus bat izan zuen 2018ko abenduan, eta oso larri egon zen. Berpiztu dokumentalak, hain zuzen ere, denbora honetan izan duen errekuperazio luzea jasotzen du; hitz egiten eta mugitzen ikasi behar izan du eta.
Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak osatutako sariaren Aholku Batzordeak honako argudioak aipatu zituen 2020an, besteak beste, sariaren berri ematerakoan: “Kepa Junkerak bere disko ekoizpena eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez Euskal Musikari egin dion ekarpen handia”. Tradizioa eta molde modernoagoak nahastea goraipatu zuten, besteak beste.
Kepa Junkerak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da. Lana adar bat duen brontzezko irudi neutro bat da, “musikaren jatorria iradoki nahian”.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte MikelLaboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Amaia Zubiriaketa Joseba Tapiak jaso dute Adarra Saria.