"Niretzako momentu bat hartzea da Zinemaldia"
Zinemazale amorratua da Sara Ahetze Puignau Arrigain (Amara, 1989) eta Zinemaldia da bere urteko asterik gogokoenetako bat. Oporrak hartzen ditu urtero aste osoan zehar.
Zer da zuretzat Zinemaldia?
Niretzat Zinemaldia da geratzea. Mundu guztia gelditu egiten da, eta bakarrik pelikuletan zentratzen naiz: ez dut beste ezer egin behar, bakarrik pelikuletan zentratu. Niretzako momentu bat hartzea da Zinemaldia.
Liturgia honen parte da ere, inguruan dudan jendea, giro berean dagoena, eta berarekin partekatzen saiatzen egun hauek. Agendak begiratu, eta pelikula eta pelikula tartean kafetxo bat hartzen dugu, eta ikusitakoa komentatu. Hori ere gustatzen zait.
Nola bizi duzu zinemaldia?
Lanean hasi nintzenetik, urtero hartzen dut jai Zinemaldiko astean. Baita Bartzelonan bizi nintzenean ere, handik etortzen nintzen. Karreran nengoenean ere, aste osoa eskapatzen nintzen Zinemaldirako.
Nolatan hasi zinen zaletzen?
Beti gustatu izan zait, txikitatik. Gurasoekin joaten nintzen. Zinema asko gustatzen zait, noski. Bartzelonatik etortzen hasi nintzenean, konturatu nintzen astea zoragarria zela niretzako: deskonektatzeko balio zidan –asko kostatzen zaidan zerbait dela–. Jada ohitura hartuta dut, eta niretzat sakratua da: berdin zait udaran oporrik ez edukitzea, baina Zinemaldia hartu egin behar dut.
Urtean zehar honela bizi duzu zinema?
Asko joaten naiz, bai. Baina urtean zehar pelikula mota bat ez duzu ikusten: Zabaltegi edo Zuzendari Berriak ez dira iristen pantaila handira urtean zehar. Gauza bereziagoak ikusten dira Zinemaldian.
Aurten ikusi duzun gogokoena?
Hirokazu Koreeda japoniarraren Broker filma ikusi nuen asteburuan. Zein polita! Nire zuzendari gustukoenetako bat da, zalantzarik gabe. Zinema japoniarrak duen sentsibilitate berezia dauka Koreedak, oso sotila; gogorra eta xamurra da aldi berean. Bere pelikulak asko gustatzen zaizkit, eta hau bereziki gustatu zait. Asko geratzen zaizkit oraindik hala ere!
Eta gutxiago gustatu zaizuna?
Christophe Honoreren Le Lyceen, adibidez. Ez zitzaidan asko gustatu, gehiegizkoa iruditu zitzaidan: kurtsiegia, intentsuegia… ez da beharrezkoa niretzat; sinpleak, sotilak, delikatuak direnak gustatzen zaizkit eta hau justu kontrakoa zen.
Tabakaleran ikusi dut ere baten bat gehiegizkoa, arraroegia [barrez]. Beste batzuekin harritu naiz, Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Parisko Bataclanen gertatutako erasoa gogoratzen duena, eta bisualki oso polita iruditu zait eta badu kontatzeko modu berezi bat.
Sariak irabaziko diteun duen faboritorik izaten al duzu?
Egia esan sail ofizialekoak gutxi ikusten ditut, sariena ez zait gehiegi axola. Sarien atzean gauza gehiago daude… Publikoari zer gustatuko zaion, eta abar.
Beste urteetan bereziki gustatu zaizun zerbait?
Zuzendari Berriak atalean ikusitakoak oso-oso bereziak izan dira. Arriskatu egiten zara: txarrena ikus dezakezu, baina baita oso bereziak diren batzuk. Orokorrean hor bilatzen dut, Zuzendari Berriak eta japoniarrak diren filmak ikustea.