Alojamendu turistikoez "saturatutako" eremu berriak izendatzea proposatu du EH Bilduk
EH Bilduk mozio bat eramango du datorren asteko osoko bilkurara –hilaren 29an izango da–, alojamendu turistikoez “saturatutako” eremu berriak izendatu ahal izateko eta etxebizitza turistikoen baimenen iraungipena dekretatzeko bide bat irekitzeko.
“Hainbat eragilek eta EH Bilduk urteak daramatzagu adierazten Donostian pairatzen ari garen hotelen, etxe turistikoen eta gainerako turismo alojamenduen kontrolik gabeko hazkundeak ondorio negatiboak dituela. Denbora horretan guztian zehar ikusi dugu gero eta donostiar gehiagok bat egiten dutela salaketa horiekin, gehiengo batek nahikoa dela esan arte”, azaldu du Ricardo Burutaran zinegotziak.
Hotel berrien irekiera mugatzeko formula berri bat aztertzen ari da udal gobernua, eta asteleheneko udal batzordeetan, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen etxe turistikoen baimen berriak ere mugatzea aztertzen ari direla. Burutaranen ustez, “zehaztasun gutxiko iragarkiak dira eta berandu iristen dira”. Gaineratu du “aurrerapauso bat” eman behar dela, eta inplikaturiko eragile guztien artean –erakundeak, auzo elkarteak, alojamenduen sektorea…– akordioak egin behar direla: “Gutxienez, Gros, Erdialdea eta Antigua jarduera turistikoz saturatutako eremuak izendatu behar dira. Eta, bien bitartean, moratoria ezarri behar zaie baimen berri guztiei”.
Ildo horretatik, Burutaranek dio “inork ez duela ulertzen” turismo zinegotziak adierazi izana hiria oraindik ez dagoela saturatuta: “Saturazio ratioa %8koa dela dio, baina bere burua engainatzen ari da, hiri osoa hartzen duelako erreferentzia gisa, ia hotel, pentsio, etxebizitza turistiko eta bestelako alojamendu guztiak Erdialdean, Grosen, Parte Zaharrean eta Antiguan daudenean. Hau da, auzo horietan dauden turismo plaza kopurua han erroldatutako biztanleen %20-25 da, eta hori gehiegizkoa da. Eta igotzen, gainera”.
Etxebizitza turistikoei dagokienez, gaur egun dauden baimen kopurua murrizteko neurriak hartu behar direla dio zinegotziak: “Baimenen iraungipena izan daiteke bide bat. Orain arte, etxe turistiko batek betirako lortzen zuen baimena, baina jarduera honek hirian duen eragina ikusita, erabiltzen ez diren baimenak kentzeko garaia da”.