Polloeko mausoleo frankista eraisteko eskatu du EH Bilduk
EH Bilduren ustez, “beharrezkoa” da Polloeko Martirien Mausoleoa eraistea, “ikur frankista” bat delako. Hala azaldu du Markel Ormazabal zinegotziak ostegun goizean udaletxean eskaini duen prentsaurrekoan: “2021ean EH Bilduk aurkeztutako jatorrizko iradokizunean zera eskatzen genuen: ‘Donostiako Udalak hiriko hainbat historialarik burututako ikerketei jarraipena eman diezaiela, aipatu eremuan fusilatuen gorpuzkiak ote dauden argitzearren, eta, aldi berean, abiatu ditzala monumentu frankista eraisteko beharrezko izapideak’. Eta, horixe da eskatzen duguna: ikerketa bururaino eraman behar da”. Izan ere, EH Bilduren iradokizun horren harira, udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari agindu zion mausoleoari buruzko ikerketa egiteko, eta Aranzadikoek egiaztatu zuten gutxienez hamazazpi miliziano antifaxista daudela hor lurperatuta.
Era berean, gaineratu du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatutako gauza bera eskatzen diotela: “Eusko Jaurlaritzari (Gogora Institutuari) ez diogu ezer eskatzen berak Espainiako Gobernuari Erorien Aranaren inguruan eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da, eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko”.
Hain zuzen ere, pasa den asteko asteartean, 36ko gerran frankistek Donostia hartu zutenetik 86 urte bete zirenean, Jaurlaritzako eta udaleko ordezkariek ekitaldi bat egin zuten mausoleoan, eta iragarri zuten guneari “esanahia aldatu” egingo ziotela. Han zegoen plaka frankista maiatzean kendu ostean, Jaurlaritzak beste plaka bat jarriko du, Aranzadik aurkitutako hamazazpi milizianoen izenekin; udalak, aldiz, eskultura bat jarriko du.
Ordea, mausoleoan beste 70-80 gorpu daude identifikatu gabe, eta Iñaki Egaña historialariak duela 30 bat urte mausoleoaren inguruan egindako ikerketen arabera, litekeena da gorpu horiek ere errepublikanoenak izatea. Hain zuzen ere, Ane Oiarbide Eskubide Zibiletako zinegotziak hedabide honi azaldu dionez, 2023ra begira, Aranzadiri eskatuko diote egindako ikerketan sakontzeko: “Helburua han dauden beste gorpuzki horiek guztiak identifikatzea izango da, nahiz eta badakigun oso zaila izango dela, egoera txarrean eta nahastuta daudelako, 1936tik”.