Rafa Cabeza, beti jan eta beti gose
Añorgako musikariak Danajan taldea aurkeztu du, Utikan eta U.K. Bill taldeekin bidea egin ondoren.
40 urte inguru daramatza musikagintzan Rafa Cabeza Tojok (Añorga, 1973), eta ez du eteteko asmorik. Haurra zela hasi zen gitarra jotzen eta kantuan, eta bide beretik jarraitzen du beteranoen klubean sartzear denean. Esanguratsua bezain deigarria da musikan egin duen bidea, eta euskarazko rocka hauspotzeko konpromisoa.
IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin du Cabezarekin, eta elkarrizketa osorik irakurri ahal izango da biharko astekarian eta webgunean. Hona hemen, aurrerapen gisa, pasarte batzuk:
35 urte bete dira Utikanen lehen maketa kaleratu zenutenetik.
Bai, 1987an lehen maketa grabatzera eraman gintuen akordeak erakutsi zizkigun auzotarrak. Berak aurreratu zigun dirua. Uste dut 10.000 pezeta izan zirela. Donostiako Musikarte estudioan grabatu genituen abestiak. Berez, musika denda bat zen, baina beheko solairuan estudio txiki bat zuen. 50 kopia egin genituen, kasetean. Gure asmoa ez zen kontzertu asko ematea. Maketa ikastolako lagunen artean saldu genuen, eta Añorgan etxez etxe joan ginen maketa bera saltzera.
U.K. Bill hasiera berri bat izan zen zuretzat. Guztira, lau disko argitaratu zenituzten, eta zure banda emankorrena dela esan genezake.
Bai, horixe. Zerbait zuzenagoa egiteko gogoa genuen; hard rockaren eta punk rockaren arteko zerbait. Nire ahotsarekin argi genuen heavy klasikoa ezin genuela jorratu. Bilduma baterako kantu bat grabatu ostean, 2007an, sei abestiz osaturiko lehen diskoa kaleratu genuen. Orduan ezagutu nuen Unai Arana diseinatzailea, eta ordutik aurrera garrantzitsua izan da bion arteko harremana. Oso garrantzitsua da argazkiak, bideoak eta kartelak egiteaz arduratuko den pertsona bat alboan izatea.
Danajan da zure proiektu berriena. Noiz sortu zenuen?
Pandemiaren ingurumarian. Material asko nuen: 200 riff, 400 abesti erdi eginda eta ordenagailuan 30 bat erdi bukatuta. Talderik eta lokalik gabe, abestiak sortzeko askatasuna izan dut azken urteotan. Eta, noski, Unai Arana nuen alboan. Pandemia garaian hasi ginen Danajan bihurtu denari forma ematen, eta normaltasunera itzuli ginenerako, dena oso aurreratuta genuen.