Txillidaren lan grafikoari buruzko erakusketa ikusteko azken egunak
Altxerri arte galeriak Eduardo Txillida artista donostiarraren (1924-2002) 'Lan grafikoa' erakusketa dauka ikusgai, eta larunbatekoa izango da erakusketaren azken eguna.
Txillidaren askotariko lanak daude ikusgai Altxerrin, besteak beste, ‘Meditaciones en Castilla’ (1968) liburuko litografiak. (Argazkia: Altxerri galeria) San Telmo Museoko Oteizaren eta Txillidaren erakusketarekin bat eginez, Altxerri arte galeriak Eduardo Txillida artistaren lan grafikoa errepasatzen duen erakusketa inauguratu zuen uztailean: Lan grafikoa. Hain zuzen ere, osteguna eta ostirala (11:00-13:30) eta (17:00-20:30) eta larunbata (11:00-13:30) izango dira erakusketaz gozatzeko azken egunak.
Txillidaren obran, eskulturak dira bereziki ezagunak, baina artearen arlo grafikoa ere landu zuen, Altxerrin ikus daitekeenez: grabatuak, serigrafiak, litografiak, litografiak eta artistaren liburuak daude ikusgai galerian.
Altxerrik betidanik egin izan du lan Txillidaren halako obrekin, baina aspaldi ez zituen elkarrekin ikusgai jartzen. Ordea, San Telmo Museoak Txillidaren obraren zati bat ikusgai jarri izana aprobetxatu dute, erakusketa jartzeko. Gainera, galeriako zuzendari Javier Baldak inaugurazioan azaldu zuen Txillidak berak eta haren obrak presentzia handiagoa izango dutela datozen urteotan gizartean, besteak beste, 2024an haren jaiotzaren mendeurrena izango delako.
Era berean, Baldak inaugurazioan esan zuenez, Txillidak obra grafiko asko egin zituen, “kalitate handikoak”.


