'Atxurrak gora!' oihukatu nahi dute berriz ere
Denboraldia garaipen batekin hasi ondoren, Realeko belar hockey taldeak etxetik kanpo jokatuko du bigarren partida. Kanaria Handietako Taburienteren aurka ariko dira igandean, eta etxean erakutsitako maila ona mantendu beharko dute punturen bat urratzeko. Aurkariak berdindu egin zuen lehen jardunaldian Tenisen kontra.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinen mutilen taldeak ligari hasiera emango dio, etxetik kanpo. Huarte nafarren kontra jokatuko dute bihar, eta garaipen batekin hastea da helburua.
Eskubaloian, Elxen aurka erakutsitako maila bikaina berretsi nahi du Bera Berak. Liga porrot batekin hasi arren, hurrengo bi partidak ondo irabazi zituzten. Bihar, Logroñon jokatuko dute Errioxaren aurka. Esther Arrojeri kapitainak adierazi du orain arteko maila hobetzeko asmoarekin doazela Logroñora.
Futbolean, Realeko neskek ez dute atsedenik izango. Txapeldunen Ligako estreinaldia jokatu eta galdu ondoren, ligan lehiatzeko prest daude. Betis hartuko dute bihar etxean, eta sasoi honetako bigarren garaipena lortzea dute helburu.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Taburiente – Reala (etzi, 12:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Huarte – Txuri Urdin (bihar, 22:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Errioxa – Bera Bera (bihar, 19:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Reala – Betis (bihar, 18:00)