Donostiako jubilaturiko adineko pertsonen elkarteen webgunea aurkeztu dute
Abuztutik martxan dagoen arren, Donostiako Udalak gaur aurkeztu du Lagunet.net webgunea. Donostiako Jubilatutako Adineko Pertsonen Elkarteen ataria da. Elkarte horiek zeintzuk diren erakustea du helburu modu atsegin, hurbil eta funtzionalean. Eskaintzen dutena eta lan egiteko modua ere erakusten du webguneak. Beraien arteko sareak sortzeko baliagarria dela dio udalak.
Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek, Jubilatutako Adineko Pertsonen Elkarteei Laguntza Teknikoaren Udal Zerbitzuaren teknikari Begoña Callejak, eta hiriko hainbat adinekoen elkartetako ordezkarik parte hartu dute aurkezpenean.
Webgunean hirian dauden 24 adineko pertsonen elkarteen kokapena aurkitu daiteke, baita eskaintzen dituzten zerbitzu eta askotariko jarduerak ere. Tresna digital honen sorrerarekin amaitu den prozesua 2016an hasi zen. Donostia Lagunkoiak eta Gizarte Ekintza departamentuak antolatu zituzten tailerretatik hainbat dokumentu sortu ziren. Eta tailer horiek abiapuntu izan ziren web gunea sortzeko. Bertan, elkarteek euren errealitatea gerturatu eta elkarbanatuko dute, bai erabiltzaileei, bai elkarteak ezagutzen ez dituzten pertsonei.
Laguntza
Elkarteek 2014tik laguntza eta aholkularitza zerbitzua dute, egunero dituzten espazioak kudeatzeko. Zerbitzu horrek duela hiru urte aplikazio bat diseinatu eta martxan jarrai zuen elkarteek modu digitalean bazkideen altak eta bajak egiteko, edota egiten dituzten ikastaroak edo jarduerak kudeatzeko.
Kontuan hartuta egun, sistema hori elkarteen %80k erabiltzen duela, beste pauso bat egiteko unea zela ikusi da, eta eremu digital bat sortu da edonork Jubilatuen elkarteek egiten dituzten gauzak ikusteko, eta horrenbestez, mito faltsuekin amaitzeko, hain zuzen ere, eremu horietan bingora edo karta jokoan bakarrik ibiltzen direla bezalako mito faltsuak.
Gainera, webguneak eremu pribatua du, eta bertara, elkarte ezberdinetako arduradunak bakarrik sartu daitezke. Eremu pribatu horretan, laguntza teknikoko zerbitzuak elkarte guztientzako interesa izan daitekeen informazioa partekatzen da. Eta ondoren, elkarteek euren bazkideekin partekatzen dute informazioa. Hortaz, webguneak ere elkarte ezberdinen arteko lotura egiten du.