"Kasildaren bizitza Donostia borrokalariaren historiarekin parekatuko nuke"
Kasildaren familia, hainbat historialari eta mugimendu anarkista eta libertarioko kideek kontatu dute nor zen Kasilda Hernaez, Donostiako militante anarkista ezaguna Kasilda, beste pausuen oihartzuna dokumentalean. Juan Felipe iruindarrak zuzendu duen dokumental autogestionatua datorren igandean estreinatuko da Zinemaldi Alternatiboan. Egiako Gladys Enea parkean egingo dute proiekzioa, eta eguraldia ez badute lagun, Plaza Haundira mugituko dute. Zinemaldi Alternatiboko azken eguna izango da.
Nolatan Kasildari buruzko dokumentala?
Hori jakin nahiko nuke neronek ere! Tonto-tonto bost urte eman baititut filma egiten. Ideia etorri zitzaidan, batez ere, Herrialde Katalanetan 2017an, mugimendu anarkistak izandako jarreragatik [urriaren 1eko erreferendumaz ari da]. Erreferendumaren prestakuntzan egondako oinarri libertarioak oso garrantzitsuak iruditu zitzaizkidan. Orduan etorri zitzaidan burura, zeren nik Kasilda lehendik ezagutzen nuen, Indomables, una historia de mujeres libres dokumentala egin bainuen. Arreta eman zidan garai hartan Kasilda zela ‘Felix Likinianoren bikotekidea’. Gerora, zorionez, aldatu egin da, eta ezagunagoa da.
Eta zer aurkitu duzu?
Deskubritu dudana da Donostia eta Donostiaren historia. Egun ezagutzen dugun Donostia hau, horrenbeste dirdirekin eta alfonbra gorrirekin, Lehen Mundu Gerraren ostean jaio zen, baina bazuen oinarri langile eta borrokalari oso garrantzitsua.
Eta, bestetik, 36ko gerraren gaia dago. Lau ‘gizajok’, lau eskopeta eta tiragomekin estatu kolpe bat gelditu zutela. Eta hau ez da horren ezaguna. Kasilda Kasilda zen, hiriagatik: ijitoa, feminista eta anarkista.
Dokumentalaren helburuetako bat da historia lokal hau interesekoa bihurtzea, transzendentzia izatea. Istorio asko daude, eta erabaki behar izan dut. Bai gerraren historia, bai mugimendu libertarioarena eta baita Kasildarena ere. Denak nahastuta ageri diren arren, ezin da guztia sartu. Adibidez, beti kontatzen da CNT ez zela oso garrantzitsua, baina konparatuta beste antolakundeekin, indar handia zuen hemen. Donostiako leku batzuetan ere UGT baino indartsuagoa zen.
Zer kontatzen du pelikulak?
Kasildaren balioa nabarmentzeaz gain, Kasildaren hiria ulertzen saiatu naiz. Eta bestetik, nabarmentzea, hiri hartatik badagoela gaur egun, oraindik, zerbait bizirik. Ez dirudien arren, behintzat. Donostia hiri borrokalari bat izan da. Zinemaldiari konpetentzia egin nahi dion proiektu bat egotea, adibidez. Eta kale hauetan egon diren borrokaldi guztiak: barrikadak presoen alde, langileen eskubideen alde… ahaztu egiten dugu, baina ondare hori bizirik dago. Beraz, Kasildaren bizitza Donostia borrokalariaren historiarekin parekatuko nuke.
Nolakoa zen Kasilda?
Kasildaren bereizgarria hori zen: borrokalaria zen guztiaren aurrean. Esango nuke, garaiari oso lotuta zegoela hori. Oso koherentea zen Kasilda; oso argi zuen etsaia nor zen, eta bere lekua zein zen; ijito jatorriko familia libertario bateko alaba, burgesiak zapalduta zuen hiri bateko alaba. Ausardia handia zuela esaten zen.
Bere biografian ateratzen ez den zerbait deskubritu al duzu?
Familaren bitartez bere autobiografiarako grabatutako zintak lortu nituen; beraz, Kasildaren ahotsa dago dokumentalean. Beste, berrikuntza handienetako bat da argitaratu gabeko irudiak daudela, baita familiak kontatzen dituen anekdota batzuk ere. Beste gauza batzuk nahiago izan dut ez sartu –besteak beste, 1970eko hamarkadan hainbat ekintzetan parte hartu izana–, ez nuen gainontzekoa desitxuratu nahi. Azkenik, Kasilda, la miliciana gisa ezagutzen da, baina hainbat egunkari topatu nituen nik, Salamancako egunkarian Kasilda, la libertaria deitzen ziotela.
Zerbait kanpoan gelditu al da?
Aurreko dokumentalean pena handi bat izan nuen,Conchita Liaño elkarrizketatu nuen, eta berak kontatu zidan, 36ko gerran, berak 16 bat urte zituela, Bartzelonan zegoela, barrikada bat fusilarekin defenditzen, faxisten aurrean. Halako batean “el Likiniano y la Kasilda” ikusi zituela, eta hauek zera esan zioten: “Martiriek soilik liburuetarako balio dute. Iraultza defenditu nahi baduzu goazen hemendik”. Ezin izan dut sartu, baina tira.