Negu gogorra datorrela eta

Bizitza mierda bat dela edonork daki/ Ni ere zu bezain jodituta nago egon tranki/ Behin hori jakinda betirako ezjakin/ Aukera bakarra dago: inperioari basati. Honela aritu zen Ziakhus a.k.a. Lil Zikuta joan den astean, Egian, Porrontxoetan. Eta Porrontxoak dira, edonork daki, udaren amaiera; literalki eta sinbolikoki.
Eta, uda osteak dakartzan depresioen eta beheraldien aurrean, zer? Junek esaten duen moduan, udara geroz eta gertuago dago. Baina, agian, ez duzu udara behar; eta behar duzun bakarra da, unerik zailenean ere, ondokoa entzun: “Oso ondo ari zara egiten. Harro gaude zutaz”.
Zeren, banaka ezin dugu eta elkarrekin bai. Antsiolitikoei eta antidepresiboei aurre egiteko bide bakarra direlako bizikideen zaintza, lagun onak eta antolakuntza.
Negu gogorra datorrela baitiote agintariek. Ahazten zaie esatea negu gogorra datorrela «zuentzat». Hartu dezagun, beraz, indarra, eta babestu gaitezen. Eta harro egoteko moduko udazken bat eraiki dezagun.
Negu honetan gorriak ikusten dituzten bakarrak gu izan ez gaitezen.