Gazteak krisi klimatikoarekin haserre: "Auzi hau irabazten ez badugu denok galduko dugu"
“Gure ustez, justizia klimatikoa justizia globalaren auzia da”. Fridays For Futureko gazteak haserre eta kezkaturik daude: “Uda hau hondamendi sozio-ekologiko bat izan da; klima aldaketaren ondorioak errealitate bat dira dagoeneko, eta horrek ondorio asko ditu gero eta eragin handiagoa duten pertsonengan, gero eta estresatuago dagoen gizartean klima aldaketaren eraginengatik, eta kezka-maila esponentzialki handitzen ari da”. Mobilizazio eguna izan dute ostiralean.
Haien ustez, krisi klimatikoa “klase eta pribilegio kontua da, eta goikoak dira krisi horren eragile nagusiak”. adierazi dutenez, aberatsen % 1ek pobreenen % 50ek baino bi aldiz gehiago kutsatzen du, eta behartsuenen % 10ek baino 175 aldiz gehiago.
Europako eta Espainiako Estatuko egungo energia politikak “ez die erantzuten klimaren eta gizarte-justiziaren interesei”, gazte mugimenduaren arabera: “Energia eredu zentralizatu bat baino ez du erreproduzitzen, oligopolio energetikoak kudeatua”.
Fridays For Futurek uste du, azken datuen arabera, “ekonomikoki eta ekologia aldetik ezinezkoa dela energia kontsumitzen jarraitzea orain egiten dugun moduan, murriztu” egin behar dela. Horretarako, autokontsumo kolektiboa, energia-komunitateak, eraginkortasun energetikoa eta kontsumoa murriztea sustatzea eskatzen dute, “justizia sozialeko irizpideen arabera”. Halaber, azpiegitura fisiko berriak geldiaraztea eta Espainiako Estatua Energiaren Gutunaren Tratatutik berehala irtetea aldarrikatu dute.