Donostiako eta inguruko herrietako txirrindularitza klubak omendu dituzte
Pasa den ostiralean, hilaren 23an, Donostialdea Bizikletan taldeak 200 lagunetik gora bildu zituen ‘Izan Gaitezen Erreferentzia’ ekitaldian. Donostian eta inguruko herrietan izan diren txirrindularitza klubak omendu zituzten: Donosti Berri, Buruntzazpi, Artzak Ortzeok, Hernaniko JOCC eta Donostiarra. Horrekin batera, Donostialdea Bizikletanek bere proiektua aurkeztu zuen.
Txirrindulariekin eta txirrindularien ahaide eta lagunekin, entrenatzaileekin eta zuzendaritza taldeko kideekin batera, taldearen babesleak eta Martin Ibabe Ezeiza Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia ere izan ziren Astigarragako Petritegi sagardotegian egindako ekitaldian.
Donostian eta inguruko herrietan izandako aurreko taldeen lekukoa hartuz, Donostialdea Bizikletanek “erreferentzia” izan nahi du Donostialdeko txirrindulari gazteentzat; mutil zein neska, kimu, benjamin, haur, kadete eta junior kategorietan. 2022koa izan du lehen denboraldia taldeak gaur egungo izenarekin eta egiturarekin, eta egindako lanaren balantzea “oso positiboa” da.
Emaitzen aldetik nabarmentzekoa izan Yago Agirre txirrindulari donostiarrak errepideko Espainiako Txapelketa irabazi izana, Valladoliden, uztailaren 3an. Hain zuzen ere, ekitaldiaren egun berean junior mailako Munduko Txapelketako errepideko lasterketan parte hartu zuen Agirrek, eta 46. postuan sailkatu zen, taldearen aginduetara lan egin eta gero.
Nolanahi ere, lor ditzaketen emaitzetatik harago, “txirrindulari gazteei txirrindularitza zer den ezagutzeko eta trebatzeko aukera ematea” da Donostialdea Bizikletan taldearen oinarrizko eta funtsezko xedea, “lagunarteko giroan, kirol legez eta lehiakortasuna elkarrekiko errespetuarekin uztartuta une oro”.