Hiru emakume zientzialarik hitzaldiak eskainiko dituzte 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloetan
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu duten Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloak udazkenean jarraipena izango du. Hiru saio gehiago egingo dira, bata urriaren 4an, eta beste biak azaroan, 8an eta 29an. Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Laka Mugarza, Amaia Bacigalupe de la Hera eta Lourdes Herrasti Erlogorri. Besteak beste, zerk bultzatzen dituen ikertzera, zerk harritu dituen gehien, eta zer zailtasunei egin behar diete aurre azalduko dute, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzailearen galderei erantzunez.
Lehenengo solasaldia urriaren 4an izango da. Itziar Laka Mugarza izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Itziar Laka Mugarza: imajina ezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta. Itziar Laka Mugarza Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna da, eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldearen zuzendaria EHUn. Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da, eta Euskaltzain urgazlea. Bere ikerketak hizkuntzalaritza teorikoa eta psiko/neurolinguistikako metodo esperimentalak uztartzen ditu, hizkuntzaren irudikapen eta prozesamendu neurala argitzeko, batik bat sintaxia eta elebitasunaren inguruan.
Amaia Bacigalupe de la Hera izango da bigarren elkarrizketatua, eta osasuna izango du hizpide. Solasaldia azaroaren 8an egingo da: Amaia Bacigalupe de la Hera: osasuna ez da soilik gaixo ez egotea. Amaia Bacigalupe de la Hera Osasun Publikoan doktorea da, soziologia-irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzailea OPIK taldean (Osasunaren gizarte-baldintzatzaileei eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketa-taldea). COVID-19aren krisiaren kudeaketarekiko kritiko azaldu da, ez baitu uste halabeharrez gertatu den zerbait denik, ezta denoi berdin eragin digunik ere. Eta COVID-19a adibide bat baino ez da. Izan ere, osasuna ez da bakarrik gaixotasunaren eza, baizik eta ongizatea, zentzu orokor batean. Ikuspegi horrekin dabil lanean Bacigalupe, politika hobeak ezartzeko.
Azken solasaldia Lourdes Herrasti Erlogorrirena izango da, eta azaroaren 29an egingo da: Lourdes Herrasti Erlogorri: memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz. Lourdes Herrasti Erlogorri Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia eta Historiako lizentziatua da, eta irakaskuntza ertainetako irakaslea. Osteoarkeologian espezializatuta dago, eta 30 urte baino gehiago daramatza Aranzadin lanean. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuetan parte hartu du, tartean, San Juan ante Portam Latinam aztarnategi neolitikoan (Araba), eta gerra zibileko hobien exhumazio-lanetan ere aritzen da, zorroztasun zientifikoa eta gizatasuna uztartuta.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarrenzientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.