Ibaeta Basketek Euskal Kopa irabazi du, estreinakoz
Ibaeta Basketek historiarako garaipena lortu zuen igandean, Euskal Kopa irabazi baitzuen, bere historian lehenengo aldiz. Tolosan jokatu zuten partida erabakigarria, eta Gernikari 67-72 irabazita lortu zuten garaipena. Partida parekatua izan zen, baina Mariam Coulibaly buru, Ibaeta Basketeko neskek garaipena lortu zuten. Mutiletan, Gipuzkoa Basketek ere Euskal Kopa eskuratu zuen larunbatean, Iraurgiri 73-67 irabazita.
Eskubaloian, pixka bat kostata, baina Bera Berak garaipena eskuratu zuen larunbatean Errioxaren etxean (22-23). Liga porrot batekin hasi ostean, hurrengo bi partidak irabazi zituzten donostiarrek, eta garaipenaren bidetik jarraitzea lortu dute Errioxan. Lasai joan daitezke ligako geldialdira, beraz.
Futbolean, Txapeldunen Ligan debuta egin ostean, Betisen aurka jokatu zuen Realak, eta ezin izan zuen berdinketa baino gehiago lortu (2-2). Amaiur Sarriegiren golarekin aurreratu ziren txuri-urdinak, partida hasi eta ordu erdira. Ordea, Angela Sosaren eta Lelesen golekin, andaluziarrak markagailuan aurretik zihoazen 49. minuturako. Ordea, Andreiak behin betiko berdinketa jarri zuen markagailuan, 58. minutuan.
Belar hockeyan, Reala Taburineteren etxean jokatzekoa zen igandean, baina partida atzeratu egin zuten, eta jokatzeke dago oraindik. Izotz hockeyan, berriz, gizonezkoen Txuri Urdinek ligako lehen neurketa jokatu zuen larunbatean. Huarteren pistan jokatu zuten donostiarrek, eta gol bateko aldearekin galdu. Beraz, liga ez dute espero bezain ongi hasi.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen Euskal Kopa
- Gernika 67 – Ibaeta Basket 72
Gizonezkoen Euskal Kopa
- Gipuzkoa Basket 73 – Iraurgi 67
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Taburiente – Reala (atzeratuta)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Huarte 4 – Txuri Urdin 3
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Errioxa 22 – Bera Bera 23
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Reala 2 – Betis 2