'Los reyes del mundo' filmak irabazi du 70. Zinemaldiko Urrezko Maskorra
Laura Moraren Los reyes del mundo filmak —Kolonbiak eginiko koprodukzioa, Luxenburgo, Frantzia, Mexiko eta Norvegiarekin batera— eskuratu du Donostia Zinemaldiko 70. edizioko Urrezko Maskorra. Horrez gain, epaimahai ofizialak Genki Kawamura zinemagileari eman dio zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Hyakka (Japonia) filmagatik, eta gidoi onenaren saria, berriz, Dong Yun Zhou eta Wang Chao egileentzat izan da, azken horrek Kong Xiu (Txina) filmean eginiko lanagatik.
Carla Quilez eta Paul Kircher aktoreek eskuratu dute Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo, Pilar Palomeroren La Maternal (Espainia) eta Christophe Honore zuzendariaren Le Lycéen (Frantzia) filmengatik, hurrenez hurren. Bestalde, Renata Lermanek eskuratu du antzezle taldeko interpretaziorik onenaren saria, Diego Lermanen El suplente filmean eginiko lanagatik. Manuel Abramovich Pornomelancolía obraren zuzendariak eskuratu du argazki onenaren saria, film horretan eginiko lanagatik. Epaimahaiaren Sari Berezia, ostera, Marian Mathias hasiberriaren Runner filmak irabazi du, “apustu narratiboaren anbizioagatik, originaltasunagatik eta lehenbiziko obra honetan sumatzen den indarragatik”.
Hirugarren urtez jarraian, emakume batek zuzenduriko film batek eskuratu du Sail Ofizialeko sari nagusia —aurretik izan zituen Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020) eta Crai nou / Blue Moon (Alina Grigore, 2021), hain justu—, eta Zinemaldiaren zazpi hamarkadatan lehenbizikoz irabazi du Urrezko Maskorra Kolonbiako produkzio batek. Laura Mora (Medellín, 1981) zuzendariaren bigarren film luzea da, zeinak Matar a Jesus (2017) lehenbiziko filmarekin Kutxabank-New Directors Saria eskuratu baitzuen aurretik.
Epaimahaiaren Sari Bereziak eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorrak bi opera prima aitortu dituzte: Runner eta Hyakka, hurrenez hurren. Azken lan hori Genki Kawamurak zuzendu du, gaur egungo funtsezko hainbat animazio film japoniarren ekoizleak.
Matias Mosteirin ekoizlea izan da sariok banatu dituen epaimahaiaren buru, eta epaimahaikide izan dira, orobat, Antoinette Boulat, Tea Lindeburg, Rosa Montero, Lemohang Jeremiah Mosese eta Hlynur Palmason.