Union Artesanak su artifizialekin itxiko du bere 150. urteurrenaren ospakizuna
Union Artesana elkarte gastronomikoak 150 urte bete zituen 2020an, baina pandemiaren eraginez ezin izan zutenez ospatu, 2022an ari dira urteurren berezi hori ospatzeko jarduerak antolatzen. Besteak beste, urketari baten eskultura jarri zuten maiatzean Sarriegi plazan, danborrada berezi bat antolatu zuten hilabete berean Parte Zaharretik eta Artillero abesteko arduradunak izan ziren Aste Nagusiko kanoikadan.
Larunbatean, urriaren 1ean, emango dituzte amaitutzat ospakizunak, Kursaaleko morrutik su artifizialak botaz, 21:30ean. L’ Olla de Plana Castelloko (Herrialde Katalanak) elkartearekin anaituta dago Union Artesana, eta elkarte horrekin elkarlanean antolatu dute su artifizialen jaurtiketa. Peñarroja piroteknia etxearenak izango dira botako dituzten suak; 2017ko Donostiako Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketa irabazi zuen piroteknia etxe horrek.