Adinekoentzako etxebizitzak egingo dituzte Kijera gaztetxea zegoen eraikinean
Donostiako Udalak onartu du Kanpandegi kaleko Orixe ikastola zaharra Etxegintzari atxikitzea, Parte Zaharreko adinekoentzako hamabost etxebizitza egiteko.
Kijera gaztetxea zegoen Kaialde eraikina da udalak berrituko duena. 2019ko abenduan itxi zuen udalak, eta auzoko bizilagunek salatu zuten udalak ez zuela bere hitza bete eraikin okupatuaren aferan.
Eraikina berritzeko lan gehienak barrualdean egingo dituzte, baina aldaketa txiki batzuk aurreikusi dituzte kanpoalderako. Besteak beste, arotzeria aldatuko dute, hondatuta dagoelako, eta hirugarren solairuko fatxada guztiaren jarraipena egingo dute, 1917ko proiektuaren planteamendutik abiatuta.
Birgaitzearen ondorioz, hamabost etxebizitza egingo dituzte. Guztiek gela orokor bat izango dute –egongela, jangela eta sukaldea–, logela bat eta komun bat. Etxebizitza guztien neurriek irisgarritasun irizpideak jarraitzen dituzte. Izan ere, sei etxebizitza mugikortasun urriko pertsonentzat egongo dira bereziki egokituta. Etxebizitzez gain, teilatupeko solairuan gune komunak eta patio itxi bat proiektatu dira, arropa zabaldu ahal izateko.
Aurreikuspenen arabera, 2023aren bukaeran hasiko dira birgaitze lanak, eta 2024ko abendurako bukatzea aurreikusten dute. Hain zuzen ere, data horretatik aurrera hasiko dira lehenengo maizterrak etxebizitzetara sartzen.