EH Bilduk bost puntuko plana aurkeztu du herritarren energia hornidura bermatzeko
Osteguneko osoko bilkurari begira, EH Bilduk neurri zehatzak proposatu ditu gehien behar dutenei energia hornidura bermatzeko. Olaia Duarte zinegotziak eman du horien berri: “Udal gobernuari eskatzen diogu negu honetan familia bakar bat ere ez geratzeko Donostian gutxieneko energia hornidurarik gabe”.
Duartek nabarmendu duenez, gero eta herritar gehiagok ez dute behar adinako gaitasun ekonomikorik beraien etxeetan gutxieneko elektrizitate gastuei aurre egiteko. “Datu guztien arabera, egoerak okerrera egingo du datozen hilabeteetan”. Udal taldearen ustez, arlo honetako politika publikoak ez dira nahikoak. “Aurrekaririk ez duen egoera honetan, 2019ko neurriak aplikatzea aurreikusten dute Donostiako familia askorentzat oso zaila izango den negu honen aurrean”, azaldu du Duartek.
Hori dela eta, EH Bilduk bost puntuko plana aurkeztu du krisiaren ondorioak arintzeko eta Donostiako familia bakar bat ere ez geratzeko oinarrizko energia hornidurarik gabe:
- Elektrizitatearen eta gasaren fakturak ordaintzeko bonu sozialak.
- Gasaren eta argiaren hornidura ez mozteko hitzarmenak enpresa guztiekin –gaur egun udalak, bakarrik, Iberdrolarekin dauka hitzarmena 2016tik, EH Bilduren ekimenez).
- Beharrezko hornidura energetikoa bermatu ezin duten eta ohiko diru laguntzetatik –Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Lan Partekatuaren Plana– kanpo gelditzen diren herritarren egoerari erantzuna emateko udal dirulaguntza linea berria.
- Hirugarren sektoreko eragileekin elkarlana arazo ekonomikoak dituzten familien detekziorako.
- Jubilatuen elkarteekin elkarlana, bertara gerturatzen diren eta arazo ekonomikoak dituzten pentsiodunen detekzioa egiteko.
“Oinarrizko horniduren prezioak (gasolina, gasa, elektrizitatea…) izugarri garestitu dira eta horrek zailtasun gehiago eta gehiago sortzen dituzte familientzat. Eta gogoratu behar da egungo inflazioaren ondorioz, duela urtebete baino% 10 pobreagoak garela”, azaldu du Duartek.