Manteoko plan berezia baztertzeko eskatu diote Basque Culinary Center fundazioari
Ulia Auzo Elkarteak elkarretaratzea egin du Basque Culinary Centerren egoitza aurrean, Euskal Gastronomiaren Topaketa egiten ari direla aprobetxatuz. Manteo eta Zemoria parkeak “ez ukitzeko” eskatu diote fundaziori, eta Groseko bigarren egoitzaren plana baztertzeko. Izan ere, Basque Culinary Centerrek Groseko Okendo Alde eremuan aurreikusten du eraikitzea bere bigarren egoitza.
Une honetan, U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Plan Berezia tramitatzen ari da udal gobernua. Maiatza bukaeran eman zioten hasierako onarpena. Auzo elkarteak, berriz, tramitazioa eteteko eskatu zuen ekaina bukaeran, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikusketaz arduratzen den talde teknikoak diagnostikoa egin bitartean. Uztailean, 500 herritarrek baino gehiagok udal gobernuari idatziz eskatu zioten Basque Culinary Centerri egindako lagapena bertan behera uzteko.
Horrez gain, Basque Culinary Centerren patronatuko euskal sukaldariei bilera informatibo bat eskatu zien auzo elkarteak, baina ukatu egin zieten. Sukaldari horiek dira Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Karlos Argiñano eta Eneko Atxa, besteak beste.
Udal gobernuak 2010eko HAPOa aldatuko du lursail horretan Basque Culinary Center erakundearen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza kokatzeko. Lursail horretarako soilik gazteentzako eta helduentzako etxebizitzak egitea aurreikusten du Plan Orokorrak.
Argudioak
Auzo elkarteak zenbait argudio plazaratu ditu Manteko lurzoru publikoaren lagapena geldiaraztea eskatzeko: “Lurzoruaren ondare publikoa lagapen bidez eman eta 9.200 metro karratu –60 milioi euroko eraikigarritasuna– erabilera pribatura bideratuko direlako; erakunde pribatu baten eraikina eraikitzeko finantzaketa publikoa erabiliko delako –30 milioi euro–; Gros auzoan geratzen den berdegune bakarra kenduko dutelako –13.000 metro karratuko lursaila–; inguruko zuhaitz guztiak suntsituko dituztelako; Nafarroa hiribideko bizilagunen ikuspegiak eta bizi kalitatea murriztuko dituelako; eta herritarren partaidetzaren edozein zantzu ezabatu dituztelako”.
Horrekin batera, hainbat galdera plazaratu ditu auzo elkarteak: “Zergatik ez da pentsatu Basque Culinary Center-en negozio zentro berria Mariaren Bihotza ikastola zaharrean kokatzea? Edo Miramonen, non hirigintza aldetik dagokion? Zergatik ez da itxaron Plan Orokorraren berrikuspen lanak egiten ari den taldearen diagnostikoa egin arte?”.