'Nanook of the North' dokumentala eskainiko dute Kristinaenean, Juantxo Zeberioren musikak lagunduta
Aurten 100 urte beteko dira dokufikzioaren aitzindari izan zen Robert J. Flaherty zinemagile estatubatuarraren Nanook of the north lana estreinatu zela. Dokumental mutu honek Quebeceko iparraldeko Ungava penintsulan inuk batek egiten duen bidaia kontatzen du, janaria bilatzen eta salerosketan ari diren bitartean. “Indarrez beteriko giza kontakizun harrigarria da, zinemaren historiako lehen film luze dokumentala ez ezik, bere generoko onenetakoa ere badena”, azaldu du Cristina Enea Fundazioak.
Proiekzioa Kristinaeneako Ingurugiro Baliabideen Etxean izango da ostiral honetan, irailak 30, 19:30etan, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea den Asteklimaren hirugarren edizioaren programazioaren barruan, eta zuzeneko musikaz lagunduta egongo da emankizuna, Juantxo Zeberio piano jolearekin.
Juantxo Zeberio (Tolosa, 1968) musikari eta pianista profesionala da, Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolako irakaslea, eta Tenpora taldeko kidea, besteak beste. Sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte.