Udal eraikin batzuk garbitzeko orduak murriztu dituztela salatu dute
EH Bilduk premiazko interpelazioa aurkeztu du biharko osoko bilkuran lan gatazka horren inguruan eztabaidatzeko.
FCC Ingurumena enpresako langileek agerraldia egin dute gaur goizean udaletxean, ESK, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariekin batera. Enpresa hori da udal eraikinak garbitzeko zerbitzuaren adjudikazioduna. Salatu dutenez, udal gobernuak udal eraikin batzuetako garbiketa orduak murriztea erabaki du baldintza agiri berrietan. Murrizketekin zerbitzuak eta garbiketak okerrera egingo dute haurreskoletan, lehen hezkuntzako zentroetan, Emakumearen Etxean, kultur etxeetan eta jubilatuen etxeetan, besteak beste.
EH Bilduk premiazko interpelazioa aurkeztu du biharko osoko bilkuran lan gatazka horren inguruan eztabaidatzeko. Ezker Anitzak, berriz, udal gobernuak egin dituen murrizketak kritikatu ditu, langileen lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean eragingo dutelako.
Udal garbitzaileak hilabeteak daramatzate pairatzen duten prekarietatea salatzen. Hala nola, ekipamendu eskasa, kontziliazioa eragozten duten ordutegiak, aldi baterako kontratazioak eta lan osasuneko arazoak. Udal gobernuak 2023ko kontrataziorako baldintza agiria argitaratu duenean, langileak harrituta geratu dira murrizketak egin dituztelako: “Hara non ikusi dugun, 2018ko agiriarekin alderatuta, 2. sortari atxikitako eraikinetan, langileen baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrakoa egitea erabaki dela: orduak murriztea (295)”.
Garbiketa orduak gutxitzearekin batera, udal gobernuak zerbitzuaren kalitatea murriztu eta langileak pobretuko dituela salatu dute sindikatuek: “Langileek ordu gutxiago lan egitea erabaki dute, eta horrek haien lan egoera okertzea dakar; gainera, erabaki du udal eraikin asko lehen baino gutxiago garbitzea”.
Langile kaltetuek eta EH Bilduk murrizketaren adibide batzuk eman dituzte: “Argitaratu berri den baldintza agirian jasotako kasu batzuk aipatzearren, nola justifika dezake Udal Gobernuak sei haurtzaindegitan astean 5, 10 edo 15 ordu murriztea garbiketa-zerbitzua? Edo zer argudio ematen du Intxaurrondo Hegoa lehen hezkuntzako ikastetxeari garbiketa-zerbitzua astean 60 ordu murrizteko, garbitu beharreko azalera aurreko baldintza-agirian baino handiagoa bada (+ 669,22 m2)? Nola azalduko diete gobernu honetako arduradunek Emakumeen Etxeko milaka erabiltzaileei –eraikin hori berez da oso kaskarra– gehiegi iruditzen zaiela astean 17,5 ordu behar izatea hura garbitzeko eta astean 10 ordura murriztuko dela zerbitzua?”.