Elbira Zipitriaren eskultura ohorezko patioan kokatu dute
Gipuzkoako Aldundiak hezitzaile eta euskaltzale aitzindaria omendu du, haren heriotzaren 40. urteurrena betetzen den urte berean.
Foru jauregiaren ohorezko patioaren erdian dago Elbira Zipitria Irastortzaren (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) eskultura. Aldundiak gaur goizean egin du inaugurazio ekitaldia, eta Zipitriaren ikasle eta lankide izandako 50 bat lagunek parte hartu dute. Markel Olano ahaldun nagusiak, eta Kontxita Beitia eta Mari Karmen Mitxelena andereñoek hitz egin dute.
Olanok adierazi duenez, Gipuzkoak eta Euskadik “XX. mendean izandako erreferente eta ikur handienetakoa” da Zipitria eta, gaur inauguratutako eskulturaren bitartez, “merezi duen lekua eta omenaldia” eskaini nahi izan dio foru erakundeak, haren heriotzaren 40. urteurrena betetzen den urte berean.
Gipuzkoaren historiako izen handiei eskainitako espazioaren erdigunean ezarri dute, hain zuzen ere, pedagogo zumaiarrari eskainitako obra, emakumezko baten irudia areto honen erdi-erdian kokatuz. Olanok jakinarazi duenez, “pauso xume baina esanguratsu” honekin, emendatzen hasi dira foru jauregiaren areto eta paretetan “agerikoa” den “hutsune historiko bat”. “Asko eta asko izan dira gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten eta uzten ari diren emakume aitzindariak. Askotan isilarazi eta ikusezin bilakatuak, ozen aldarrikatu nahi dugu, herri erakunde gisa, emakumeek Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren eraikuntzan egin duten eta egiten duten funtsezko ekarpena, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu izan daitezen”, adierazi du.
Lurdes Umerez artista azkoitiarrak sortu du eskultura. Brontzezko figura bat da, Zipitriaren argazki ezagun eta bakanetako batean inspiratua. Artelanaren oinarri gisa landutako piezan, berriz, haren ikasleek koadernotan lantzen zituzten olerkiak, marrazkiak eta eragiketak ikusi ahalko dira, klandestinitatean sortutako lehen ikastola haien pedagogia aurreratuaren lekuko.
Beitia eta Mitxelena andereño gisa trebatu ziren Fermin Kalbeton kaleko etxe eskolan. Zipitria nolakoa zen azaltzearekin batera, harekin izandako hainbat bizipen konpartitu dituzte. Esaterako, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zenean, Zipitriak adierazi zien Euskadik bere gidaria galdu zuela. Aldundiak urte bukaeran Zipitriaren inguruko dokumentala estreinatuko du, eta haren alboan izan zirenen eta beste hainbat pertsonen testigantzak izango ditu.
Zipitriaren ibilbidea
Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua –EAJko eta Emakume Abertzale Batzako kide aktiboa izan zen–, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen.
Francoren aldeko tropen altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta handik urte batzuetara, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapean egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien.
Horrez gain, maistra berriak berekin batera trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastolaren sorreran parte hartu zuen 1968an.
Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.