'Gozatu' leloa izango du Behobia-Donostia lasterketako kamisetak
Aurtengo Behobia – Donostia lasterketan parte hartuko duten 30.000 pertsonek jasoko duten kamiseta aurkeztu du Fortuna Elkarteak. Pio Baroja kiroldegia aukeratu dute kamisetaren diseinua eta ezaugarri teknikoak erakusteko. Gozatu izango da kamisetaren leloa, eta euskaraz soilik egongo da.
Luanvi markak egin du kamiseta, eta Kontxako Badiako uraren isletan inspiratutako kamiseta bat diseinatu du. Elastikotasun handiko materialarekin eginda dagoela adierazi dute, eta izerdia azkar lehortzen duen cool-skin teknologia duela adierazi dute, “arintasuna eta leuntasuna” emanez.
Aurkezpenean izan dira Fernando Ibarreta BSSko arduraduna, Luanvi markako Javier Tarancon, Martin Fiz korrikalaria eta BSSko erbia den Ana Cruz.