Kutixik jaialdia aurkeztu du Balio Dute kolektiboak
Balio Dute musikarien kolektiboak, bere lehenengo jaialdia aurkeztu du: Kutixik. Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da, azaroaren 5ean eta bertan izango dira kolektiboko Muare, Gilda, Mihise eta Neu Troia proiektuak, eta baita gonbidatu moduan, Lapurditik Lumi eta euren elektronika proposamen berritzailea, eta Nafarroatik, Joseba B. Lenoir Gangen rock indartsua.
Jaialdian, lehen aldiz arituko da jende aurrean kolektiboaren parte den Muare bikotea. Koban taldeko kide ohi diren Maddi Gerrikok eta Eli Berazak osatutako pop elektronikoko bikotea da Muare, eta hainbat hilabeteko lanaren ostean, lehen aldiz taularatuko dira, looperraren eta sintetizagailuen laguntzarekin, proposamen fresko eta minimalista batekin. Hona hemen Gerrikok 2020ko itxialdian egin zuen Duda kanta, proiektuaren ernamuin gisa ikus daitekeena.
Mihise Usurbilen sortutako musika taldea da, bertako hiru kideak lehendik Hotzikara eta Izeberg taldeetan aritutakoak dira. Hasieran musika instrumentala egiten hasi baziren ere, sorkuntza prozesuan ahotsak eta instrumentu berriak sartzen joan dira. 2020an kaleratu zuten Berako Atala estudioan grabatutako lehenengo diskoa eta herriz herri aritu ziren hura aurkeztu eta defendatzen.
2019an Amagoia Aiestaran eta Anabel Toralen arteko harremanaren ondorioz sortutakoa taldea da Gilda. Hasiera batean intimitatean presiorik gabe abestiak sortzen joan, eta bakoitza bere instrumentuaren esplorazioan ibili ziren, soinu pertsonal baten bila. 2020 urtearen bukaeran Maialen Aiestaran batu zen, taldea finkatuz. 2021ean diskoaren grabaketari ekin eta Egin Albora izeneko zortzi abestiko bilduma kaleratu dute 2022ko apirilean.
Neu Troia da Donostian finkatutako Julen Azkonaren (Iruñea, 1993) kantautore ezizena. Gitarra akustikoa abiapuntutzat hartuta, introspekziozko mundu pertsonal baterako gonbidapena dira bere abestiak. Doinuei jarritako letrek garrantzia berezia badute ere, kantautore klasikoaren iruditik baino, gaur egungo indie rocka, popa eta folka ditu influentzia nagusi. Etxean ekoiztutako EP formatua landu du orain arte. Azkenengo proiekturako Arketipoak (Balio Dute, 2022), ekoizpena beregain hartu ditu, do it yourself (DIY) mugimenduaren barruan kokatutako lana aurkeztuz.
Bukowskin amaituko da jaia
Jaialdia 19:00etan abiatuko da, Intxaurrondoko Kultur Etxean eta goizaldeko ordu batak arte iraungo du, eta, ostean, Bukowskin jarraituko du gauak Gela eta Telmo Trenor etxeko DJ-ekin. Sarrerak salgai daude dagoeneko Donostia Kulturaren webgunean.
Balio Dute kolektiboa, Donostia eta Donostialdeko musikarien kolektiboa da, autogestioa oinarri, elkarlana eta elkarlaguntza sustatzeko. Kolektiboaren parte dira aipatutako taldeez gain, Pelax, Burrundaria, Physis versus Nomos, Raitx, Bi Zaldi eta Adrian Perez musikariak.
Jaialdiaren afixa Maite Caballero donostiarrak egin du.