30 urtez hiritarren arteko euskarazko sareak josten
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak 1992an ekin zion Mintzalaguna egitasmoari, modu informalean euskara praktikatzeko aukera aproposa eskainiz. Ordutik, Euskal Herri osora zabaldu da, eta, gaur egun, 7.000 lagun ari dira parte hartzen.
Bagerak eta Donostiako Euskaltegiek hitzarmena berritu dute ikasturte honetarako. (Argazkia: Bagera) Euskarazko mintzapraktika du helburu Bageraren Mintzalaguna egitasmoak. Herritar ororentzat zabalik dagoen arren, nagusiki, bi profiletako jendeak hartzen du parte: alde batetik, euskaltegietako ikasleek, bidelariek, klaseetan hartzen duten ezagutza praktikan jartzeko asmoz; eta, bestetik, bidelagunak ere badaude: euskara ikasi nahi duten horien irakasle boluntarioak.
“Astean hitzordu bat izaten da, parte-hartzaileek posible duten orduan. Modu informalean euskarazko solasaldiak egiten dituzte edozein gairi buruz, eta edozein tokitan elkartu daitezke: kalean, tabernaren batean edo erakusketa batean, esaterako”, azaldu du Aitziber Gurutzeagak, Bagerako koordinatzaileak. Taldeka edo bikoteka antolatuta daude, eta Gurutzeagaren ustez, oso garrantzitsua da taldeko bidelariek antzeko euskara maila izatea: “Gutxieneko elkarrizketa maila izan behar dute parte hartu ahal izateko”.
Aurten 30 urte beteko ditu egitasmoak, eta Donostian hasi zen arren, gaur egun, Euskal Herri osoko 7.000 lagun ari dira parte hartzen. Ikasturte honetarako izen-ematea bihar zabalduko da, eta urriaren 21era arte egin ahal izango da Bagera.eus webgunean eta elkartearen bulegoan. Bidelariek 25 euro ordaindu beharko dituzte ikasturte osorako.
Gainera, Bagerak euskaltegiekin duen hitzarmena berritu du, eta, besteak beste, ikasturtean zehar mintzodromoak antolatzen dituzte elkarrekin. Horrez gain, euskaltegiek Mintzalaguna egitasmoan izena emateko zabalkundean parte hartzen dute.
Askotariko esperientziak
Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen dutenen artean, talde desberdinak sortu dira denborarekin. Horietako bat, Felix Sainzi esker eratu zen. “Duela hiru urte eta erdi edo, erretiroa hartzear nengoela, Aitziberri esan nion jubilatu ondoren goizetan ibiltzera joateko asmoa nuela, eta ez zitzaidala inporta euskaraz jardun nahi zuena nire ondoan egotea. Aitziberrek iragarkia jarri zuen Bageran, eta hasiera batean, hamar edo hamaika lagunek eman zuten izena. Elkar ezagutu ondoren, ibilbideak egiten hasi ginen”, azaldu du Sainzek.
Pixkanaka, arrazoi desberdinengatik jendea taldea uzten joan dela adierazi du, eta azkenean lau pertsona gelditu direla. “Guk ibilbideak egiten jarraitzen dugu, abuztuan eta irailean izan ezik. Astean behin geratzen gara, 10:00etan, Kursaalaren ondoan, eta hondartzan paseatzera, Pasealeku Berrira edo Uliara joaten gara normalean”, zehaztu du.
Goizetan elkartzen direnez, Mintzalagunaren barruan dagoen egitasmo hau, ordutegiagatik, “erretiroa hartuta daudenentzako paregabea” dela uste du Sainzek.
Erretiroa hartuta daudenek ez ezik, haurrak dituzten gurasoek ere har dezakete parte Mintzalaguna egitasmoan, horretarako sortu baitzen ikastolek eskaintzen duten Gurasolaguna proiektua. Helena Nuñez bidelaria eta Ibai Aizpuru bidelaguna Aitor ikastolako gurasoak dira, eta bi urtez elkarrekin aritu dira euskara praktikatzen. “Ikastolatik mezua jaso nuenean, pentsatu nuen niretzat ona izango zela gutxienez astean ordubetez euskaraz hitz egiteko aukera izatea, eta izena ematea erabaki nuen. Bi urte eman ditut Ibairekin astero geratzen, eta gurasolagunak izatetik lagun izatera pasa gara”, azaldu du Nuñezek.
Aizpururentzat ere esperientzia interesgarria izan da Nuñezi euskaraz hitz egiten irakastea: “Denetarik egin dugu: paseoak, zerbait hartzera joan, elkarren etxean egon, eta ondo ezagutu dugu elkar. Ez da euskaraz hitz egitea bakarrik, auzoko jendea edo eskolako gurasoak ezagutzen ere laguntzen du honek”, aitortu du.
Bagerari esker elkar ezagutu duten mendizaleek txangoak ere egiten dituzte Gipuzkoako eta Nafarroako mendietara, hilabete bakoitzeko lehenengo larunbatean. Hori, ordea, ez du Bagerak antolatzen. “Garai batean, Bagerak antolatzen zituen mendi irteeretara joaten ginen, baina soilik urtean behin edo bitan. Mendizaleok gehiagotan joan nahi genuen, baina asegururik ez genuenez, gure kabuz joatea gomendatu zigun Bagerak”, azaldu du Ander Trigos mendizaleak.
Hogei pertsonako talde bat osatu zuten, eta mendian euskaraz aritzen dira beti. “Badugu lotura bat Bagerarekin, baina ez zuzena edo ofiziala. Denok gara Bagerakoak, edo Bageraren zerbitzuen kontsumitzaileak”, adierazi du Trigosek. Talde honetan izena eman nahi dutenei ere Bagerak egiten die bitartekari lana.
30 urteko ibilbidean euskarazko sare asko josteko balio izan du Mintzalagunak, eta jende askoren euskalduntzea sustatu du hainbat egitasmoren bidez. Ikasturte honetan ere ildo horretan lanean jarraitu nahi du Bagerak, euskara ikasi nahi duen orok horretarako baliabide errazak izan ditzan.

