Artelan digital bihurtu da Kursaal jauregiko fatxada
Alba G. Corral artistak Tabakaleran sortutako 'Entremaliat' pieza proiektatuko dute egunero, igandera arte.
Programazio kodea eta algoritmoak erabiliz sortutako pieza bat egin du Madrilgo Alba G. Corral artistak, eta Kursaal jauregiaren fatxadan proiektatzen hasi da. Duela 10 urte baino gehiago kodetutako zirriborroak berrikusi ditu, eta eraikinarekin elkarrizketa bat sortu nahi izan du. Eraikinaren forma-aldaketa lerratu bat ere sortu du. Argiari beste geruza bat eman nahi izan dio, paisaiako beste elementu bat balitz bezala.
Entremaliat izena du instalazioak, eta hamar minutuko iraupena du. Atzo iluntzean aurkeztu zuten, eta igandera arte egunero proiektatuko dute, 20:30etik 22:00etara. Proiekzio hauek Irekiak Gallery Weekend programaren barruan egiten ari dira. Asteburuan arte garaikidera eta Donostiako arte galerietara gerturatzeko hainbat jarduera egingo dituzte.