Elkarrizketarik gabeko dialogoa
'Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa 50eko eta 60ko urteetan' erakusketa amaituko da igande honetan, San Telmo museoan. 50.000 bisitariren langa pasatu du, lehen aldia baita euskal eskulturaren bi erraldoiak batera ageri direnak. Dialogoa proposatzen den arren, ordea, ez da bi artisten arteko inolako eztabaidarik jartzen mahai gainean. Eta, hain zuzen, bien arteko eztabaida izan zen bien arteko harremanik handiena.
San Telmo museoaren kanpoaldea. Udara da, eta Donostia turistaz josita dago. Batzuk noraezean dabiltza, Parte Zaharrean bueltaka eta bueltaka. Beste batzuk, Free Tour gogaikarri eta teatralizatu horietako batean daude. Eta, to, perla: “Zuetako askok ezagutuko duzue Txillida eskultorea; Europa osoko hirietan ditu artelanak. Baina, agian, ez duzue Oteiza ezagutuko. Tira, bada, ulertzeko moduan, Txillida eta Oteiza Dragoi Bola-ko Son Goku eta Vegeta izango balira bezala da”.
Ulertzeko moduan; gatazkak ez ulertzeko, gatazkez horrela hitz egitera ohituta dagoen herria da gure herria beste baterako utziko dugu, Free Tour-en debekurako lege proposamena.
Txillidaren eta Oteizaren arteko talka da euskal arteak eman duen talkarik handienetako bat. Eztabaida aski aletua, eta denboraz apur bat kanpo dagoela onartuta ere, San Telmo museoak aitzakia eman du honi buruz solasteko. Has gaitezen hasieratik: nor ziren Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida?
XX. mendeko euskal artearen bi zutabe nagusiak dira, zalantzarik gabe. Batzuentzat, euskal artearen historiako bi zutabe nagusiak. Euskal Herrian izandako eraginaz gain, Europan eta mundu mailan ere erreferenteak dira. Garai berean aritu ziren, guztiz garaikideak ez ziren arren.
Oteiza Orion jaio zen 1908an, eta Donostian aritu zen 1920ko hamarkadan, ‘modernitate singular’ deitu zaion horretan, beste hainbat artistekin batera: Narkis Balenciaga, Nicolas Lekuona eta Jose Sarriegi, besteak beste. 1934an, Latinoamerikara egin zuen bidaia, bertako ingurune artistiko eta kulturalean integratuz, 1948ra arte. Itzuleran, hainbat dira abiatzen dituen mugimendu eta eztabaidak. Ezagunenak, Gaur taldea eta euskal arimaren interpretazio estetikoak. Poeta eta saiakera egilea izan zen, baita ere.
Txillidaren bizitza lasaixeagoa izan zen. Familia aberats batean jaio zen Donostian, 1924an. Aita, militar frankista, Realeko lehendakaria izan zen 1941-43 urteetan. Garai hartan, hain zuzen, atezain jokatu zuen Eduardo gazteak Donostiako taldean, baina lesio bat medio, futbola utzi behar izan zuen. Honela, Parisera joan zen artea ikastera 1948an, eta itzuleran hasi zen eskulturak egiten, eta, segituan, galeria eta museo prestigiodunetan erakusten. Kontatzen dutenez, abilezia izugarria zuen Txillidak: “Marrazketa eskolan ezkerreko eskuarekin egiten zituen marrazkiak, bere esku onarekin errazegia zitzaiolako”, kontatzen du Joseba Parron argazkilariak.
Bi artisten bideak 1960ko hamarkadan batu ziren, batez ere, Gaur artista taldean. Talde horretako kide ziren ere Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta. Ordurako, Oteizaren lan famatuena izan zen Quosque Tandem…! argitaratuta zegoen, euskal arimaren intepretazio estetikoa bilatzeko saiakera eta proposamena. Taldeak bi urte iraun zuen, eta, hain zuzen, Oteizaren eta Txillidaren arteko tirabirek puskatu zuten, 30 urte iraungo zuen ezinikusia inauguratuz.
‘Dialogoak’
San Telmo Museoak iganderarte irekita duen erakusketan bi erraldoien lanak ageri dira, lehenengo aldiz elkarrekin. Valentzian (Herrialde Katalanak) inauguratu zen erakusketa, eta museoko iturriek hala azalduta, hainbat politikarik proposatuta, Donostian udaran jartzeko aukera ireki zen, aurrez zegoen programa aldatzera “behartuz”.
Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa 50eko eta 60ko urteetan erakusketa “marka ezin hobearekin sartu da azken astera”, San Telmo museoaren arabera; 50.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute apirilaren 9tik gaur arte.
Museoak berak azaltzen duenez, erakusketak “mugarri bat eskaintzen du artearen historian”, lehenengo aldiz, Oteizaren eta Txillidaren obra elkarrekin aurkeztean. Erakusketak bi artisten erakunde legatudunen adostasuna eta lankidetza izan du, bai Jorge Oteiza Fundazio Museoarenak (Altzuza, Nafarroa) eta Txillida Lekurenak (Hernani, Gipuzkoa).
Nabarmendu dutenez, hilabete hauetan zehar, kultura, arte eta erakundeetako pertsona ezagunek bisitatu dute erakusketa, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Rafael Moneo arkitektoak, Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Antonio Oteiza eskultorearen anaiak.
Javier Gonzalez Durana erakusketaren komisarioak azaltzen duenez, erakusketa 1948an abiatzen da, urte hartan Txillidak eskultore izan nahi duela-eta, Parisera joan nahi duelako, eta urte horretan itzultzen delako Oteiza Latinoamerikatik, hamairu urteren ostean.
1969an bukatzen da, urte horretan bertan biek obra publiko monumentalak egin zituztelako: Oteizak Arantzazuko Basilikan apostoluak eta pietatea jarriz, eta Txillidak Europan bere lehen lana jarriz, Parisko Unescoko lorategian.
1951tik 1955era
Erakusketa hainbat gelatan banatuta dago, gaika eta garaika antolatuta. 1951n, Txillidak baserritarren tresnak hartu zituen abiapuntu, lan abstraktuago batzuk egiteko. Oteiza, aldiz, Apostoluak egin zituen garai berean, abstrakziora hurbiltzen hasten da. Duranaren arabera “bakoitzak bere bidea du”. 1948tik 1955era, oso desberdinak dira euren artean, “oso pertsonalak”. 1955-1956tik aurrera, “forma eta helburuetan bat etortzen” hasten dira: “Beteaz eta hutsaz arduratzen hasi ziren, argiak materialetan duen eraginaz eta forma kurbatu, ahur eta ganbilez interesatzen. Giza izadiaren irudikapenaz baino gehiago, ideia abstraktuen irudikapenaz”.
Hortik aurrera, nahasturik ageri dira euren lanak erakusketan, ordura arte, elkarri begira baitaude, bakoitza alde banatan. Honela aitortzen du Duranak: “Nik lortu nahi dut bisitariak bere kabuz aurkitzea paralelismo formal horiek”.
Desberdintasunak
Duranak azaltzen duenez, Oteiza artista kontzeptuala zen. Harentzat, eskulturaren ideia eskultura bera baino garrantzitsuagoa zen: “Eskulturak egiten zituen teoria frogatzeko”. Horregatik egiten zituen saiakera asko: “Eskultura familiak egiten zituen: mentala zen garrantzitsuena”.
Txillida oso bestelakoa zen: “Material bat hartu eta lanean hasten zen. Burdina, harria edo zura manipulatzen hasten zen, abiapuntu argirik gabe; abiapuntu teorikorik, behintzat, ez zuen.
Oteizak 1959an bukatu zuen eskultura: “Imajinazioa, daukazunean, aplikatu egin behar da. Eskulturaren barruan erabili nuen imajinazioa, erreminta auxiliar batzuk bilatzeko, eskultura lehenbailehen amaitzeko helburuarekin. Zeren hemen badago akats larri bat: eskultoreak eskulturaz jakin nahi du eskulturak fabrikatzeko. Niri guztiz kontrakoa gertatzen zait: eskulturak egin ditut jakiteko zer den eskultura, eskultore izateko. Eta, eskultore egin naizenean eskulturak utzi ditut, zertarako nahi ditut?”.
Erakusketa “atsegina”
Joseba Parron San Sebastian argazkilari eta Arte Ederretan lizentziatuak birritan ikusi du erakusketa, eta harridura puntu bat badu: “Polemika ez da existitzen. Erakusketa atsegin bat da, inolako gatazkarik gabe. Atsegina, eta publiko guztiarentzat”.
Izan ere, hasieran aipatu dugun moduan, Txillidaren eta Oteizaren artean egundoko tirabirak izan ziren, euskal artearen munduan “txillidazale eta oteizazale izatea aukeratu behar izateraino”.
Bi artisten artean antzekotasun eta desberdintasunak egotea gauza normala den arren, polemika asko bultzatu zen erakundeetatik. Oteizak berak kontatzen zuenez sari banaketak horren lekuko ziren: Milanen egin zen hirurtekoan, 1951n ohorezko diploma eman zioten Oteizari, eta, jarraian, Txillidari. Sao Pauloko (Brasil) 1957ko bienalean, Nazioarteko Eskultura Saria eman zioten Oteizari, eta 1958an, hurrengo urtean, Veneziakoa Txillidari. Arteen Domina Txillidari 1981ean, eta jarraian Oteizari. Principe de Asturias saria 1987an Txillidari, eta, hurrengo urtean, Oteizari.
Honela gogoetatzen zuen Oteizak: “Badirudi bi euskaldun hauek beti gertu egon behar dutela, beti bata besteari aurre eginez, beharrezkoa balitz bezala, bi euskarazko eskultore, euskal eskultore bakarra esplikatzeko”.
Parronek uste du Txillida “bere burua errepikatzeko makinan” bihurtu zela, eta, asko gutxi, hori dela erakusketan ikusten dena”.
Plagio salaketak
Oteizaren izaerak izan zuen eragina polemikan, gauzak esateko bere manera sugar eta zakarrarengatik delako ere ezaguna, besteak beste, Oteiza.
Txillidari aurpegiratzen zion euskal arteari “bizkar” eman izana, eta, hamaika adierazpenen artean, bada bat esanguratsua dena: Txillidak Martin Heidegger ezagutu zuenekoa. Alemaniako filosofo ezagunak arteari, denborari eta espazioari buruzko gogoetak egin zituen, Oteizak lehenago egin zituen ildo antzekotik. Txillidak ez omen zion ezer aipatu Oteizaren “deskubrimenduez”, eta hau asaldatu egin zen, “traiziotzat” joz.
Giroa gaiztotu zen El Libro de los plagios [Plagioen liburua] kaleratu zuenean, 1991n. Bertan, hainbat artistek bere lana plagiatu izana salatu zuen Oteizak. Eta, tartean, Txillida jarri zuen begi puntuan.
Liburuan “harrigarria” da zein antzekotasun duten plagio gisa salatzen dituen lanak, urte askotako aldea dutenak, batak bestearengandik. Parronek dioenez, ordea, “antzekotasun nabarmen horiez gain, plagioa zer den ere hausnartu behar dugu: plagioak ziren ala bide berak ari ziren jorratzen? Oteizak ere AEBetan egin zen minimalismoaren lanen antza handiegia du batzuetan”.
Txillida eta “egiazko Txillida”
Bada beste auzi ilunago bat, gatazkaren testuingurua hobeto ulertzen laguntzen duena. Hedoi Etxarte idazle, musikari eta liburu saltzaileak Berria-n eginiko artikulu batean apuntatzen zuen eran: “Txillidaz, eta arteaz hitz egitean, ordea, hiru absentzia nagusi daude: ez da artelanez hitz egiten —promozioa egiten da—, ez da historiaz hitz egiten —propaganda egiten da— eta ez da diruaz hitz egiten —Hernaniko parke tematikoa sei urtez itxita egotearen arrazoi bakarra”.
“Egiazko Txillidaz” hitz egiteko gonbita egin zuen orduan Etxartek, ondorengo galderak luzatuz: “Zergatik jaso zuen 1981ean Wolf saria Israelen? Zer harreman izan zuen —bere emaztearen lanari esker— lobby sionistarekin? 1985eko Jerusalemgo eta Gan Hapaamongo argazki erakusketaz zer dakigu? Badakigu Realeko atezaina izan zela Txillida baina lesio batengatik ezin izan zuela segitu. Baina badakigu zergatik zen bere aita Realeko presidentea 1942-1945eko Donostia belztu hartan? Zer lidertza izan zuen 1936ko uztailaren 18ko biharamun eguzkitsu eta eguraldi oneko hartan? Eta zer dakigu 1949ko Parisen eskultore falangistak Oriol Pala antifaxista ia leiho batetik bota zuenekoaz? ‘Faxista bat zen’, esan zuen Nestor Basterretxeak egunkari honetan”.
Txillidaren aita militar frankista ezaguna zen, eta Niza hotelaren jabeak ziren. Txillida “aberaskume” bat zela argi dute elkarrizketatuek. Parronen arabera, gainera, “dirua egiteko makina bat zen”. Eta, izaten jarraitzen du, bere ondorengoentzat, behinik behin.
Egin eta esan zutenaz harago, badago, hain zuzen, artearen funtzioaren eta merkatuarekin duen harremanaren artean eztabaida bat, eta hori da gatazkaren arrazoi nagusietako bat. “Artea gizakiarentzat da, eta ez museoentzat” zioen Oteizak.
Parronen ustez, hala ere, badago Oteiza Txillida gatazka horretan Oteizaren idealizazio moduko bat: “Berak kritikatzen zuen artearen eta merkatuaren harremanean erori zen bizitzako azken urteetan, espazio publikoan jarritako eskulturak eginez leku guztietan, eta abar”.
Bergarako besarkada Hernanin
Txillidak eta Oteizak euren arteko “bakea” irudikatu zuten 1997an, Txillida Lekun emandako besarkada batekin. Adiskidetasun asmo horiek merkatuarekin zerikusirik zuela gauza “argia” dela uste du Parronek.
Edonola ere, galdetzen du: “Nola da posible, horrenbeste eztabaida piztu zituen bikotea aurrez aurre jarri, eta hauen arteko eztabaidari hitz bakar bat ere ez eskaintzea? Adierazgarria da”.
Bi erraldoi hauen arteko saltsa arrosa elikatzeaz harago, museoek eta erakundeek badute ardura garaiaz ganoraz hitz egiteko. Ezberdintasunek eta gatazkek elikatzen dutelako, hain zuzen, elkarrizketa. Eta, hain zuzen, hutsuneak eta isiltasunak ozen hitz egiten dutelako, zerbait isildu nahi denean.