San Telmo museoak bere 120. urteurrena ospatuko du urrian
San Telmo museoak urteurren berezia dauka aurten, 120 urte beteko baititu urriaren 5ean, datorren asteazkenean. Urtemuga urri osoan zehar ospatuko dute, askotariko jarduerak antolatu baitituzte. 1902ko urriaren 5ean inauguratu zen Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa, gaur egungo San Telmo museoa.
Urriaren 4an hasiko dira ospakizunekin, bazkideentzako, patronoentzako eta gaur museoa osatzen duten pertsonentzako ekitaldi batekin. Horrez gain, urriko astearteetan, larunbatetan eta igandeetan doako bisita gidatuak egingo dituzte museoan: astearteetan eta igandeetan 12:00etan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz, eta larunbatetan 12:00etan gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz. Horrez gain, hilabete horretako larunbatetan (bihar, urriaren 1a barne) familientzako Paperezko museo bat artista ikastaroak egingo dituzte. Aran Santamariaren gidaritzapean, parte hartzaileek euren museo propioa sortu ahal izango dute, pop-up teknikaren bidez.
Bestalde, museoak kanpaina bat abiatuko du urrian, honako bi helburu hauekin: museoa gizarteari hurbiltzea eta ahalik eta pertsona gehien animatzea museoaren parte izatera. Museoak azaldu duenez, “kanpaina honetan pertsona oso ezagun batzuek eta anonimoagoek hartu dute parte, guztiak ere San Telmori lotutakoak, beren burua identifikatzen duten erakusketa iraunkorreko obra edo pieza baten bidez”.