Txapeldunen Ligako abenturari agur
Realaren eta Bayern Munichen arteko norgehiagokako une bat. (Argazkia: Reala) Polita izan da, baina amaitu da Txapeldunen Ligako abentura Realarentzat. Joanekoan, Anoetan, 0-1 galdu zuen Natalia Arroyoren taldeak, maila ona erakutsita. Beraz, txuri-urdinek markagailua irauli beharra zuten Alemanian, baina Bayern Munich talde handia da, eta ezin izan zuten garaitu: 3-1 galdu zuten (kanporaketan, 4-1).
Lehenengo hamabost minutuetan, Arroyoren neskak alemaniarren jokoari eusteko gai izan ziren, ez, ordea, etxekoen arean arrisku handirik sortzeko. Horrela, 18. minutuan, Dallmanek ireki zuen markagailua, etxekoen alde. Kolpe handia izan zen hori txuri-urdinentzat, eta, hain zuzen ere, handik lau minutu eskasera sartu zuen bigarrena Dallmanek berak. Horrela, atsedenaldia heltzear zenean, 43. minutuan, Schullerrek hirugarrena sartu zuen, kanporaketa erabat erabakita utziz. Handik gutxira, 45.ean, Jensenek duintasunaren gola sartu zuen Realarentzat.
Bigarren zatian, markagailua ikusita, atzerapauso bat eman zuten etxekoek, eta Realak baloia eduki ahal izan zuen. Ordea, ez zen nahikoa izan, eta ezin izan zuten markagailua irauli, oso zaila baitzen. Ligan zentratu beharko dute orain txuri-urdinek, hurrengo denboraldian Txapeldunen Ligako abentura errepikatzeko, eta, ahal izanez gero, hobetzeko.

