Udal hauteskundeei begira jarri dira alderdiak
Donostiako alkategaia aukeratzeko prozesua egingo dute EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Ahal Duguk. Iragarri dituzten hautagaiak dira Marisol Garmendia, Odon Elorza, Eneko Goia, Juan Karlos Izagirre eta Borja Corominas.
Hilabete batzuk falta dira udal eta foru hauteskundeetarako, baina dagoeneko alderdi batzuek zerrendaburuak aukeratzeko prozesuak abiatu dituzte. Hain zuzen ere, datorren urteko maiatzean izango dira udal hauteskundeak, eta laster argituko da zeintzuk izango diren Donostiako alkategaiak. Orain arte iragarritako hautagaien artetik, bi dira zeresana eman dutenak: Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirre. Bi alkate ohiek hiriko udal politikara itzultzeko asmoa dute.
PSE-EEren primarioetan parte hartuko du Elorzak, nahikoa abal lortu ondoren. Marisol Garmendia izango du aurrez aurre, egungo alkateordea eta sozialisten udal taldeko bozeramailea. 55 militanteren gutxieneko babesa jaso dute biek. Elorzak aitortu zuen kosta egin zitzaiola gutxieneko horretara iristea. Garmendiak, berriz, 68 abal lortu ditu, eta PSE-EEko hainbat politikariren babesa. Esaterako, Ernesto Gasco pasa den hauteskundeetako sozialisten alkategaiarena.
Urriaren 9an izango da primarioetako bozketa, eta orduan argituko da abalez harago, militanteek zein den nahiago duten alkategaia. Egun hori iritsi aurretik, Elorzak Garmendiarekin hiru eztabaida egitea proposatu du Donostiako sozialisten hiru egoitzetan. Eztabaida horiek «formatu adostu, erakargarri eta parte-hartzailearekin» egitea proposatu du. Era berean, Garmendiarekin batera prentsaurreko bat egitea ere proposatu du, bozketen lehen itzulia baino egun bat lehenago, «alderdiak dituen primarioek bultzatzen duten adiskidetasunaren erakusgarri».
EH Bilduk Juan Karlos Izagirre proposatuko du Donostiako alkategai izateko. Izagirrek berak baieztatu du aurkeztuko dela. Koalizio abertzaleak urrian egingo du hautaketa prozesua, eta urriaren 9an bukatuko da udal eta foru hauteskundeetarako zerrendaburuak aurkezteko epea. Hautagai bat baina gehiago egonez gero, horien arteko eztabaida urriaren 12tik 26ra egingo litzateke eta bozketa, urriaren 27, 28 eta 29an. Aldiz, hautagai bakarra aurkeztuko balitz, urriaren 13, 14 eta 15ean bozketa.
EAJren hautagaia, hirugarrenez
Donostiako alkategaia izatea proposatu dio EAJren GBB Gipuzko Buru Batzarrak Eneko Goia egungo alkateari. Hautagaitza baieztatuko balitz, Donostiako alkate izateko aurkezten den hirugarren aldia izango litzateke. «GBBk eta Donostiako Uri Batzarrak Goiari adierazi diote gure erabakia: berari proposatzekoa. Hala ere, oraindik ez dugu prozesua hasi», adierazi zuen Joseba Egibar GBBko presidenteak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Eneko Goiak ez dio formalki EAJren zuzendaritzak egindako proposamenari erantzun, Gipuzkoako hautagaiak aukeratzeko barne prozesua oraindik ez delako ofizialki hasi. Prozesu hori batzokietan egin ohi du EAJk, eta hori aurrera eramateko denbora bat beharko dute. Azkenik, Goia bada babes gehien jasotzen dituena, Donostiako alkategai izendatuko dute hirugarrenez jarraian. 2015ean izan zuen lehenengoa. EAJk udal hauteskundeak irabazi, eta EH Bilduko Juan Karlos Izagirre ordezkatu zuen alkate karguan. 2019ko maiatzean, bigarrenez hautatu zuten alkate. Gehiengo osoan gobernatzen du ordutik Goiak, PSE-EErekin osatutako koalizio gobernuan.
Elkarrekin Donostiaren etorkizuna
Ezker Anitzak eta Ahal Duguk oraindik ez dute baieztatu elkarrekin aurkeztuko diren hurrengo udal hauteskundeetan. Bi alderdiek Elkarrekin Donostia koalizioa osatzen dute, eta hiru zinegotzi dituzte udaletxean. Dena dela, legealdian zehar izan dituzten barne gatazkak direla eta, kolokan dago koalizioaren etorkizuna.
Haizea Garai Ezker Anitzako zinegotziak dimisioa eman zuen, eta Aitzole Araneta Ahal Duguko zinegotziak «hitzez eta fisikoki jazarri» zuela esan zuen. Aranetak, ordea, akusazioak ukatu zituen. Horrela ere, hedabide honek jakin ahal izan duenez, Ahal Duguren asmoa da koalizioa errepikatzea. Erabakia bi zuzendaritzek aurrerago hartuko dute.
Donostiako PPri dagokionez, Borja Corominasi proposatu diote alkategai izateko. Udal taldeko egungo bozeramailea da, eta leku hori hartu zuen Borja Semperrek udaletxea utzi zuenean. Aldiz, Mikel Lezama zinegotziari Gipuzkoako ahaldun nagusigai izatea proposatu diote.